| « | Gizakiok irakur eta uler dezakegun formatu batean argitaratu ohi dugu ezagutza, Wikipedia bezalako entziklopedia batean, esaterako. Edozein entitateren inguruan dakiguna hor dugu eskuragai. Datu Lotuak (Linked Data), aldiz, web semantikoa deritzon horretan erabiltzen dugun formatua da, gizakiok nahiz makinek ulertzen dutena. Pil-pilean dagoen gaia dela esan daiteke, alor gero eta gehiagoko datuak web semantikoaren bitartez eskuragarri baitaude. Orain dela hamar urte, Wikidata sortu zen, Wikipediaren ahizpa, eta, azken hori ez bezala, makinek irakur eta interpreta dezaketen baliabidea da. Entitateen deskribapenak biltzen ditu Wikidatak, formatu egituratu eta estandarizatu batean, eta elkarrekin lotu; lotura horiek grafo gisa irudika daitezke, eta horregatik ezagutza-grafo deitzen diogu horrela sortutako datu-multzoari. Beste hainbat baliabidetan ezagutza egituratzeko teknologia berberak ditugu, baina Wikidatak bi ezaugarri ditu, beste guztietatik bereizten dutenak: alde batetik, ezagutza-grafo librerik handiena da gaur egun, eta bestetik, edozein sar daiteke edukiak osatu edo aldatzera. | » |