1951ko abuztuaren 8an jaio zen Mohammed Mursi El Adwah hirian.Kairoko Unibertsitatean ingeniaritza ikasi zuen, eta Hego Kaliforniako Unibertsitatean egin zuen doktore tesia.1980ko hamarkadaren hasieran Kaliforniako Estatu Unibertsitatean egin zuen lan, eta1985ean Egiptora itzuli zen, Zagazigeko Ingeniaritza Unibertsitatean irakasle hasteko. Politikan2000ko hamarkadan hasi zen nabarmentzen, hautagai independente gisa diputatu hautatu zutenean. Orduz geroztik,Anaia Musulmanen barruan egin zuen ibilbidea hertsiki loturik egon zenKhairat al-Xater buruzagiarekin zuen harremanarekin. Analisten arabera, mugimenduaren diziplinarekiko erakutsi zuen fideltasunari eta bere izaera adeitsuari esker egin zuen goiti.[3]
Egipton hauteskundeen bidez hautaturiko lehen presidentea izan zen Mursi;2011koArabiar Udaberriaren ostean,2012an egin zituzten bozak, eta Anaia Musulmanek sorturiko Askatasuna eta Justizia alderdiarekin aurkeztuta irabazi zituen, bigarren itzulian botoen % 51,7 jasota. Urtebete iraun zuen karguan: 2013ko uztailean, armadak boteretik kendu zuen,Abdel Fatah al-Sisi Defentsa ministroaren erabakiaren ondorioz.[4]
Militarrek kolpea eman zutenetik kartzelan egon zen Mursi, eta 2015eko apirilean jaso zuen lehenbiziko zigorra: hogei urteko espetxealdia ezarri zioten, 2012ko abenduan —oraindik agintean zegoenean— haren presidente jauregiaren aurrean gertatutako istiluen erantzuletzat jota. Beste auzi batean, bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten, espioitza eta atzerriko taldeekin elkarlanean aritzea leporatuta.[5] 2019ko ekainaren 17an hil zen, Kairoko auzitegi batean, espioitza karguak egotzita epaitzen ari zirelarik. Egiptoko telebista kate publikoak jakinarazitakoaren arabera, hitza hartu ostean bihotzekoak eman zion eta, ospitale batera eraman zuten arren, han hil zen.[4]