Frederiksenek gazte-aholkulari gisa lan egin zuen Danimarkako Sindikatuen Konfederazioarentzat. Kopenhageko Konderriko parlamentari hautatu zuten 2001eko hauteskunde orokorretan. Urte horretan sozialdemokratak lehen postua galdu zuten, 1920tik lehen aldiz. Hautatua izan ondoren, Frederiksen izendatu zuten bere alderdiko bozeramaile kultura, komunikabide eta genero berdintasunaren arloan. 2002an,Nina Bang saria jaso zuen, "ausardia politikoa" erakusteagatik. Epostler (2003) eta From Fight to Culture (2004) liburuen egileetako bat izan zen.[2]
2005eko hauteskunde orokorrak galdu ondoren, Frederiksen bere alderdiko gizarte-gaietako bozeramaile bihurtu zen. Hauteskundeen ondoren, sozialdemokraten talde parlamentarioko presidenteordea ere izan zen. 2007ko hauteskunde orokorretan, sozialdemokratek bi eserleku galdu zituztenean, Frederiksenek 27.077 boto lortu zituen, boto gehien zituzten hamar politikari daniarren artean kokatuz.[2][3]
2011ko hauteskunde orokorren ondoren sozialdemokratak gobernura bueltatu ziren, eta FrederiksenekHelle Thorning-Schmidt lehen ministroaren aginduetara jardun zuen. Enplegu ministro izan zen 2011tik 2014ra eta Justizia ministro 2014tik 2015era arte. Urte hartan bere alderdiko buru bihurtu zen.[2]
Frederiksenen gidaritzapean, eta 2015eko hauteskunde orokorren ondoren, alderdiak ezkerrera egin zuen gai ekonomikoetan eta jarrera kontserbadorea hartu zuen immigrazioaren inguruan.[4][5]
2019ko hauteskunde orokorretan sozialdemokratek eserleku bat gehiago lortu zuten, eta Danimarkako Alderdi Popularrak eta Aliantza Liberalak behera egin zuten. Horregatik,Lars Løkke Rasmussenek gehiengoa galdu zuen. Rasmussenek porrota onartu zuen eta 2019ko ekainaren 27an Frederiksen izendatu zuten lehen ministro, gutxiengo sozialdemokratako gobernu baten buru, Alderdi Sozial Liberalaren, Aliantza Gorri-berdearen eta Ezker Berdearen blokearen sostenguarekin.[6][7][8][9][10][11]
Hauteskundeetan zehar immigrazioaren aurkako jarrera erakutsi zuen arren, Frederiksenek immigrazioari buruzko jarrera aldatu zuen, atzerriko langile gehiago hartuz, besteak beste.
2020ko azaroaren 4an emandako prentsaurreko batean, Mette Frederiksenek adierazi zuen Gobernuak erabaki zuela Danimarkakobisoi guztiak hiltzeaCOVID-19arekin kutsatzeko arriskuaren ondorioz. Gero, agindu hori legez kanpokoa zela jakin zen, eta askok Danimarkako Konstituzioa urratu zela esan zuten. Gobernuak azalpenak aldatu zituen, eta parlamentuko zenbait alderdik bisoiaren kasua azaltzeko eskatu zuten. Gobernuaren azalpena 2020ko azaroaren 18an argitaratu zen, eta agerian geratu zen sei ministrori ohartarazi zitzaiela agindua legez kanpokoa zela. Mogens Jensen Elikadura, Nekazaritza eta Arrantza ministroa berehala erretiratu zen.[12][13]
Ikerketa batzorde bat eratu zen kasua ikertzeko, eta 2022ko ekainaren 30ean eman zuen txostena. Honek zioen Frederiksenek 2020ko azaroaren 4ko prentsaurrekoan egindako adierazpenak «objektiboki erabat engainagarriak» zirela, baina ez zekiela bisoi guztiak hiltzeko agindua legez kanpokoa zenik.[14][15][16]
2022ko uztailaren 2an, Bisoien Batzordearen txostena argitaratu ondoren, Sofie Carsten Nielsenek, liberal sozialen buruak, gobernuaren aldeko alderdietako batek, Frederikseni eskatu zion urriaren 4a baino lehen hauteskunde eguna jar zezan. Geroago, egun berean, Nielsenek iragarri zuen prest zegoela konfiantzarik gabeko mozio bat aurkezteko, baldin eta lehen ministroak hauteskunde aurreratuak deitzeari uko egiten bazion. Azaroaren 1erako deitu zituen hauteskundeak presidenteak.[17][18]
2022ko Danimarkako hauteskunde orokorretan, sozialdemokratek azken 20 urteetako emaitzarik onena lortu zuten. Aldi berean, liberalek 30 urtean lortutako emaitza txarrenak lortu zituzten. Ezkerreko blokeak gehiengoa bazuen ere, Frederiksenek kanpainako promesari jarraitzea erabaki zuen, eta dimititu egin zuen, gobernu zentrista bat bilatze aldera.[19][20]
Abenduaren 13an, Mette FrederiksenDanimarkako erreginarengana joan zen Moderatuak eta Liberalak barne hartzen zituen gobernu berria aurkeztera. 1978tik sozialdemokratek eta liberalek elkarrekin gobernua osatzen zuten lehen aldia zen. Liberalen buruzagia, Jakob Elleman-Jensen, lehen ministrorde eta Defentsa ministro bihurtu zen.Lars Løkke Rasmussen moderatuen buruzagia Atzerri ministro izendatu zuten bitartean.[21][22][23]
2019ko abuztuan lortu zuen Frederiksenek nazioarteko arreta,Donald TrumpAEBko presidenteakDanimarkara egin beharreko estatu bisita bat bertan behera utzi zuenean, DanimarkakGroenlandia saltzeari uko egin ostean. 2019ko abuztuaren 15ean,The Wall Street Journal egunkariak jakinarazi zuen Trumpek Groenlandia erosteko aukera aztertu zuela. Kim Kielsen Groenlandiako lehen ministroak erantzun zuen esanez Groenlandia ez dagoela salgai. 2019ko abuztuaren 18an,Etxe Zuriak zurrumurrua baieztatu ondoren, Frederiksenek hauxe esan zuen: "Groenlandia ez da danimarkarra. Groenlandia Groenlandiakoena da", eta "zentzugabea" deitu zion eztabaidari. 2019ko abuztuaren 20an Trumpek bertan behera utzi zuen estatu bisita, 2019ko irailaren 2tik 3ra egin beharrekoa, Frederiksenek balizko salmenta bati buruz hitz egiteari uko egin ziola aipatuz.[24][25][26][27][28]
Estatu Batuek eskatuta, Frederiksenek elkarrizketa diplomatikoak hasi zituen 2022an, tropa amerikarrak Danimarkan egoteko aukera aztertzeko. Frederiksenek elkarrizketen aldeko jarrera azaldu zuen, esanez "Europan etaDanimarkan amerikarren presentzia sendoagoa nahi dugu". 2023ko abenduan, FrederiksenekAEBren eta Danimarkaren arteko defentsa lankidetza hitzarmen bat iragarri zuen, soldadu estatubatuarrak eta ekipo militarrak Skrydstrup Aire Basean, Krarup Aire Basean eta Aalborg Aire Basean kokatzea ahalbidetzen duena.[29][30]
Errusiak Ukraina inbaditu ondoren (2022), Frederiksenen gobernuak elkarrizketa politikoak hasi zituen parlamentuko bost alderdi politiko nagusiekin eta "Danimarkako Segurtasun Politikari buruzko Konpromiso Nazionala" aurkeztu zuen 2022ko martxoaren 4an. Bertan, Danimarkako defentsa-gastua nabarmen handitu zen,Errusiaren gasarekiko independentzia lortzeko plana aurkeztu zen, eta erreferendum bat iragarri zen Europako defentsa plangintzetan parte hartu ala ez erabakitzeko.[31][32] Erreferendumean, gobernuak Europar planetan parte hartzearen aldeko kanpaina egin zuen, eta jarrera horrek irabazi zuen.[33]
2023ko maiatzean, Frederiksenen gobernuak erabaki zuen Danimarkaren gastu militarra hirukoiztea hurrengo 10 urteetan. Gastu hori, neurri batean, langileentzako jaiegun bat ezabatuz finantzatuko da. 2025eko otsailean esan zuen Danimarkak defentsako gastuaBPGren %3 baino gehiago handituko zuela hurrengo bi urteetan.[34][35]
Frederiksensexu lanaren kontrarioa da,emakumeen aurkako indarkeria dela uste duelako. Urte askotan zehar, sexua erostea debekatzearen alde agertu da, Suedian, Norvegian eta Islandian bezala. 2002anprostituzioaren abolizioari buruzko eztabaida ireki zuen, eta 2009ko sozialdemokraten kongresuak hartutako erabakiaren atzean egon zen. Honela, sozialdemokratek erabaki zuten "ekintza sexualak erosteko debekuaren alde lan egitea", prostituzioak prostitutari osasun mentalean kalteak eragiten zizkiola argudiatuz.[36][37]
Frederiksen gero eta eszeptikoagoa bihurtu daimmigrazioaren gaiarekin, uste baitu eragin negatiboak izan dituela biztanleriaren zati handi batentzat. Frederiksenek honela zioen biografia batean: "Niretzat gero eta argiago dago arautu gabeko globalizazioaren, immigrazio masiboaren eta lanaren zirkulazio askearen prezioa klase baxuek ordaintzen dutela.[4][5]
Frederiksenen agintaldian, sozialdemokratek immigrazioaren kontrako lege baten alde bozkatu zuten. Legearen arabera, Danimarkako agintariek muga zeharkatzen zuten errefuxiatuei dirua, bitxiak eta beste gauza baliotsu batzuk konfiskatzeko aukera zuten.Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren gaitzespen gogorra jaso zuen proiektuak. Europa nazian juduei ematen zaien tratuaren eta planaren arteko alderaketak ere egin ziren.[4]
Sozialdemokratekburka etanikaba jaztea debekatzen duen legearen alde bozkatu zuten. Eta FrederiksenekMendebaldekoak ez diren pertsonen immigrazioa mugatzea eskatu du, eta baita asilo eskatzaileak Ipar Afrikako zentroetara bidaltzea edota hobariak nahi dituzten immigranteei astean 37 orduko derrigortutako lanak egin araztea.[4]
FrederiksenekIslama "integraziorako hesi" gisa aipatu du, argudiatuzmusulman batzuek ez dutela "Danimarkako sistema judiziala errespetatzen", emakume musulman batzuek uko egiten diotela lan egiteari arrazoi erlijiosoengatik, eta neska musulmanak "kontrol sozial masiboaren" menpe daudela, eta eskola musulmanak ixteko ere eskatu du.[38]
Nahiz eta aurreko gobernu sozialdemokratek baino migrazio-politika zorrotzagoak eduki, Frederiksen eta bere gobernua NBEko errefuxiatu kuota sistemaren aldekoak dira eta Danimarkak sistema horretan sartu dute.[39]
Frederiksenen ustez, alderdi sozialdemokratek XXI. mende hasieran jasandako hauteskunde porroten arrazoia da hauek Hirugarren Bidea hartu izana, eta baita ekonomia zentrista,neoliberala eta mugarik gabeko globalizazioa bultzatu izana. Europako kanpo-politika ekonomikoak liberalegitzat hartuta, Frederiksenek beste alderdi sozialdemokrata batzuk kritikatu ditu boto-emaileen konfiantza galtzeagatik, ez dutelako lortu globalizazioak lan-eskubideak ez urratzea, desberdintasunak ez areagotzea eta inmigrazio inkontrolatua eragoztea.[4]
Frederiksenen gobernuak akordio bat aurkeztu zuen 2030ean Danimarkaren lurreko emisioak %70 murrizteko (1990ekoekin alderatuta). 2050etik aurrerapetrolio eta gas esplorazioak gelditzea ere erabaki zuen.[40][41][42][43][44]
Dena dela, Frederiksenek jendaurrean esan zuen: "Sozialdemokrata nintzen berdea izan aurretik. Eta, goizean esnatzen naizenean, sozialdemokrata izaten jarraitzen dut berdea izan aurretik."[45]
Frederiksenen gobernuak "hockey makila" eredutzat jo du bere estrategia klimatikoa. Horrek esan nahi du teknologia berrien eta kostuen jaitsieraren zain egoteko asmoa duela. Hala, Frederiksenen gobernuak karbonoa isuriak garestitzeko zerga handiagoen ezarpena atzeratu du, nahiz eta 1992an Danimarka aitzindaria izan zen arlo horretan. Herrialdean isuri gehien igortzen dutenek pozik hartu zuten erabaki hau, besteak beste, Danimarkako Nekazaritza eta Elikai Kontseiluak eta Idustria Konfederazioak.[46][47][48][49][50]
Frederiksenen gobernuak akordioa egin zuen Aalborg Portland zementu fabrikatzailearekin (Danimarkako karbono isurtzaile handiena, emisio nazionalen %4 ordezkatzen duena), eta urteko emisioak 1990ko emisio mailatik behera ez murrizteko baimena eman zion. Aurretik, Mette Frederiksenek zera esan zuen: "Portlandera kateatuko naiz inork hura ixteko baimena eman baino lehen".[51][52]
Era berean, bere gobernuak kritikak jaso ditu estatuko enpreseierregai fosilen azpiegiturak eraikitzen jarraitzeko baimena emateagatik. 115 km-ko gasbide bat, adibidez.[53][54]
2021eko otsailean, Danimarkako Klimaren Kontseiluak ez zuen uste Frederiksenen gobernuak 2030erakoberotegi-efektuko gasak %70 murrizteko helburua lortuko zuenik.[55]
2010eko maiatzean jakin zen Frederiksenen alabak, beste hainbat politikari sozialdemokrataren seme-alabekin batera, eskola pribatu batean ikasten zuela. Frederikseni hipokrisia leporatu zion Danimarkako prentsak, bere alderdiak hezkuntza publikoa aldarrikatzen zuelako. 2005ean, adibidez, Frederiksenek argi eta garbi kritikatu zituen beren seme-alabak eskola pribatuetara bidaltzen zituzten gurasoak. Frederiksenek kritikei erantzun zien esanez hezkuntza pribatuari buruz zuen iritzia ñabartu egin zela 2005ean esandakoez geroztik, eta hipokrita zatekeela bere ibilbide politikoa alabaren interesen gainetik jartzea.[56][57]
Frederiksenek bi ume ditu, bere lehen senarrarekin edukitakoak. 2020ko uztailaren 15ean Bo Tengberg zine zuzendariarekin ezkondu zen.[58]
2024ko ekainaren 7an gizon batek eraso egin zionKopenhagen. 2024ko abuztuaren 7an epaitu zuten erasotzailea, 39 urtekopoloniar bat. Lau hilabeterako kartzela zigorra ezarri zioten, eta baitadeportazioa eta herrialdean sartzeko sei urterako debekua.[59][60]
↑(Danieraz)september 2009, Lørdag d 26; september 2009, kl 18 09 Del denne artikel Del denne artikel Opdateret lørdag d 26; Kl. 18.59. (2009-09-26). «Socialdemokrater vil forbyde købesex»Berlingske.dk(Noiz kontsultatua: 2025-04-01).