Luis Vaz de Camõesen gainean asko idatzi baldin bada ere, oso gutxi dira, egiazki, haren bizitzari buruz ezagutzen diren datuak. Camõesen biografoak poetaren idazlanetatik ateratako aipamen eta erreferentzietan oinarritu dira, batez ere, haren bizitza osatuz (edo asmatuz) joateko.
1524an edo1525ean jaio zen,Lisboan, batzuen ustez, etaCoimbra,Santarem edoAlenqueren beste batzuek diotenez. Simao Vaz de Camões eta Ana de Sa-ren semea zen. Aita, aidanean,galiziar jatorrikoa etaaitoren semea («cavaleiro-fidalgo») zuen. Duela gutxi, nolanahi ere, zalantza batzuk sortu dira Luisen semetasunari (legezkoa ala sasikoa) eta odol garbitasunari buruz (kristau zaharra ala berria); eta, horrekin batera, haren familiaren pobrezia eta jatorri apala berretsi dira. Zeharkako aipamen batzuek eta, batez ere, haren obrak islatzen duen kultura zabalak pentsarazten dute Coimbran ikasi zuela, non, Luisen osaba bat, Bento Camões, Gurutze Santua monasterioko priore eta Unibertsitateko kantzelari baitzen.
Ez dago, hala ere, Camõesek unibertsitatean ikasi zuela frogatzen duen dokumenturik.1550erako Lisboan bizi zen, eta gauza jakina da jauregietako eta goi mailako nobleen aretoetan bezainbat ibiltzen zela aldirietako tabernetan eta emagaldu-etxeetan.Ceutara eginiko espedizio militar batean parte hartu zuen, eta hantxe galdu zuen eskuineko begia. Lisboara itzuli zenean, espetxean eta deserriturik egon zen Ribatejoko lurretan (Constâncian, beharbada), aidanez, bere etxekoandreaganako -Violante de Andrade, Francisco de Noronharen, Linharesko bigarren kondearen, emaztea- eta haren alaba Joanaganako maitasun suharra zela eta. Berriro Lisboara etorririk, gorteko olerki liskarretan, amodio-gorteatzeetan eta kale borroketan eman zuen denbora.1552an, borroka horietako batean, on Gonçalo Borges zauritu zuen, erregearen ahaide bat, eta gartzelan sartu zuten. Zaurituak barkaturik, Camoeserregearen zerbitzuan itsasoratzeko baldintzarekin utzi zuten aske,1553an.
Hiru urtetarako soldadu sarturik,Indiarako itsasoratu zen, eta handik,Malabarrera etaMalakako itsasartera egindako espedizioetan hartu zuen parte (Camõesek berak aipatzen ditu, hurrenez hurren,O Poeta Simónides, falando elegian, etaJunto dum seco, fero e estéril monte abestian). Pedro Mariz, haren lehen biografoaren arabera,Macaura jo zuen gero, eta zendu eta absenteen ondasunen arduradun kargua izan zuen lurralde hartan. Handik Indiara itzultzerakoan,Mekong ibaia itsasoratzen den inguruan, Camões zetorren barkua urpera joan zen, eta zituen ondasun guztiak galdu zituen, bere burua etaOs Lusíadas izan ezik. BehinGoan zela, gartzelan sartu zuten dirua bidegabe erabili izanaren salaketapean eta, geroago, berriro espetxean egon zen, zorrak zirela eta.
Dirudienez, beltzak eta gorriak ikusi zituen Indiako egonaldian, aldi labur bat salbuetsita (1561-1564), On Francisco Coutinho erregeordearen babesa izan baitzuen urte horietan.1568an, Portugalera itzultzeko asmotan itsasoratu zen etaMozanbiken aurkitu zuen haren lagunDiogo do Couto historialariak: idatzitako olerkiak Parnaso izenburupean bildu eta argitaratzeko prestatzen ari zen, miseria gorrian bizi zen bitartean, baina ostu egin zizkioten prestatzen amaitzerak . Coutok eta beste lagun batzuek bidaia ordainduta, urte hartan bertan itzuli zen Portugalera.
Berriro Lisboan,Os Lusíadas argitaratu zuen1572an etaSebastian I.a erregearen errenta murritz bat lortu ondoren, hari esker bizi izan zen txirotasun handian -haren biografoei kasu egitera, javatar morroi baten laguntzari esker-, harik eta1580ko ekainaren 10ean hil zen arte. On Gonçalo Coutinho aitoren semeak ordaindu zituen poetaren hiletak eta hilerriko gastuak, eta haren aginduz ezarri zuten hilobiaren gainean hilarri bat, idazkun honekin: «Aqui jaz Luis de Camões, Principe dos Poetas de seu tempo. Viveu pobre e miseravelmente, e assi morreu».
Erromantizismoaren garaian, poeta madarikatu, jeinudun eta ez ulertuaren irudia ezarri zitzaion Camõesi: erantzunik gabeko amodioz jositako bizitza gorabeheratsua, miserablea eta dohakabea egotzi zioten. Baina irudi erromantiko hori alde bat utzita, beste bat ateratzen da, askoz aberatsagoa eta konplexuagoa, haren bizitza pertsonaletik eta idatzita utzi zuen obratik. Hasteko, kultura zabalaren jabe zen: Erdi Aroko kultur tradizioa bezainbat ezagutzen zituen Pizkundeko filosofia, zientzia eta literatura berrikuntzak. Baina hezkuntza ez ezik, bizitzako esperientzia ere aberatsa zuen: kortesano, Lisboako herri giroa ezagutzen zuen hiritar, Ceutan soldadu, Indiara bideko bidaiari, abenturazale, kolonietako burokrata, eta bere gailentasun moralaz eta artistikoaz konbentziturik eta harro zegoen idazle. Horiexek izan ziren, hain zuzen ere, Camõesen obraren hiru zutabeak: ikasketak, esperientzia eta jeinu sortzailea. Bera bizi zela,Os Lusíadas olerki epikoa eta beste zenbait poema baizik ez zen argitaratu. Hil eta gero argitaratu ziren haren poesia lirikoa, antzezlanak eta eskutitzak.
Berdeak dira zelaiak, limoi kolorekoak: horrelakoxeak dira nire bihotzaren begiak
Berdetasun ederrez hedatzen zaren zelaia: zuen larrea berorretan aurkitzen duzuen ardiok, Udak ekartzen duen belarrez mantentzen zarete, eta ni nire bihotzarenornitzapenez.
Pozik larrean zabiltzaten ganaduok ez duzue ez ulertuko zuen mantenua; jaten dituzuen horiek ez dira belarrak, ez; nire bihotzaren begien graziak dira.
Os Lusíadas (1572, «Lusoren ondorengoak» edo «Portugaldarrak»)poema epiko handiak,Afrika,India etaEkialde Urruneko lurraldeetan barrena ibili zenean bizi izandako gertakizunak ekarri zituen gogora. Hamar kantuk osatzen duten epopeia horretan, Portugalen historia etaVasco da Gamaren aurkikuntzak eman zituen ezagutzera[3]. Errenazimentu garaikoitaliar moldeei jarraituz moldatua da; obra hori Portugalgo poema nazional bihurtu zen.
Baina Camões, Portugalgo olerkari epiko handiena ez ezik, poeta liriko bikaina izan zen.1568an, olerki bilduma bat prestatzen aritu zenMozanbiken,O Parnaso izenburupean, baina ostu egin zizkioten Lisboara itzultzerako.Rimas izeneko poema liburua egilea hil eta gero argitaratu zuten,1585ean. Camõesen olerkietako gai nagusia ezinezko amodioa da -maitasunezkoneoplatonismoa-, sofrikarioan gozatzen dena, eta malenkoniak protagonismo berezia du haren olerkigintzan. Histura hori, pixkanaka-pixkanaka, ezkortasun bilakatzen joan zen, esaera poetikoen bitartez adierazten zela: «ongia ihesi doa, gaitza hazi egiten da urteekin»; «amodio itsuz gaixo dago, sentitzen duena, aurka egiten diona, obeditzen diona»; «ezerk ez du irauten bizitza honetan: berehala desagertzen da nekez baizik heltzen ez dena».
Rimas olerki liburuan denetik baldin badago ere -italiar estilokocanções deituak,elegiak,Virgiliorenen tankerakoeglogak, lirika galego-portugesaren tradizioan kokatzen diren olerkiak-, Camõesen konposizio lortuenak, segur aski, sonetoak izan ziren. Izan ere,Petrarcak Europa osoan izan zituen jarraitzaile hoberenetakoa izan zen, baina, horrekin batera, portugaldarraren sentiberatasunari egotzi behar zaizkion lorpenak erdietsi zituen. Hala, Camõesen maitasun sentimendua ez da agortzen Petrarcaren jarraitzaile gehienen neoplatonismo hutsalean; aldiz, gardentasuna eta zintzotasuna ezaugarri dituen olerkigintza da harena. Horren adibideak diraAlma minha gentil, que te partiste etaAmor é fogo que arde sem se ver soneto ospetsuak:
Amor he hum fogo que arde sem se ver; He ferida que doe e não se sente; He hum contentamento descontente; He dor que desatina sem doer;
He hum não querer mais que bem querer; He solitario andar por entre a gente; He hum não contentar-se de contente; He cuidar que se ganha em se perder;
He hum estar-se preso por vontade; He servir a quem vence o vencedor; He hum ter com quem nos mata lealdade.
Mas como causar póde o seu favor Nos mortaes corações conformidade, Sendo a si tão contrário o mesmo Amor?
«Ikusi gabe kiskaltzen den sua da Maitasuna; min ematen duen eta sentitzen ez den zauria; bozkario goibel bat da; minik eman gabe sumintzen duen oinazea.
Areago da ez nahi izatea, ongi nahi izatea baino; bakarrik ibiltzea da jende artean; bozkarioaz inoiz ez asetzea; irabazten saiatzea, galtzen den artean.
Preso egon nahi izatea da, borondatez; garaileak zerbitzatzen duena zerbitzatzea; hiltzen gaituenarekin leial izatea da.
Baina nolaz sor dezake haren babesak erakarmena gizakien bihotzetan, hain badin bada bere buruaren aurkako?»
Luís de Camões,Amor é fogo que arde sem se ver[4][5]
Esandako guztiaz gainera, hiru antzezlan utzi zituen idatzita Camõesek,1645 arte argitaratu ez baziren ere. Esan liteke, hirurakGil Vicenteren Pizkundeko antzerki hasi-masikoaren jarraipen direla, lirikatik gehiago dutenak dramatik baino, bertsozko hainbat konposizio, hala nola erromantzeak, pastorelak, etab, tartekatzen zaizkiela. Horrela,Anfitriões («Gonbidatzaileak») izenekoan,Plauto imitatu zuen, baina aitortu behar da komikotasun handiko egoera sortu zuela;Filodemo, eleberri tankerakoa,Goan antzeztu zuten,1555ean, egilea Malakako itsasartean borrokan zela, eta obra horretanLa Celestina-ren nolabaiteko eragina ikusi dute batzuek;El-Rei Seleuco izeneko fartsan, berriz, pertsonaiakMahai Biribileko zaldunen artetik hartuak daude eta protagonistak bere maitalea uzten dio semeari. Antzezlan hori zela eta, Camõesek arazoak izan zituen gortean: antzekotasun nabaria baitzegoenJoanes printzeak -aurrerago Joanes III.a- geroago ugazama izango zuenarekin izandako maitasun harremanen eta obran deskribatzen zen egoeraren artean.
↑Luís Vaz de CamõesPortugal - Dicionário Histórico, Corográfico, Heráldico, Biográfico, Bibliográfico, Numismático e Artístico. Arqnet.pt
↑Camões, Luís de. Verdes são os campos. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (kontsulta data: 2015-06-19).
↑Camões, Luís de. Amor é fogo que arde sem se ver. in: Lur erredakzioak euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa, 1999. euskara.euskadi.eus (kontsulta data: 2015-06-19).