Liberia[1] (ingelesez/laɪˈbɪəriə/ ahoskatua), ofizialkiLiberiako Errepublika (ingelesez:Republic of Liberia),Afrikako mendebaldeko estatua,Sierra Leona etaBoli Kostaren alboan. 1989-1996 eta 1999-2003 bitartean, bi gerra zibilek kalte handia egin zioten ekonomiari, eta milaka herritar deserriratu dira.
Herri zelaia da Liberia, eta halakoa da, itsasertza, laua eta luzea. Barnealdean, Gineako eta Boli Kostako estatuekiko mugan daude Liberiako bi gailur nagusiak,Nimba etaSimandou, 2.000 metrora iristen ez direnak.
Ibai asko dago, denak ibilgu laburrekoak, ipar-ekialde hego-mendebaldeko norabidea eta sorburua aipatutako mendietan dutenak (Mano, Loffa, St. Paul, St. John, Cess, Sangwin, Cavalla).
Klima iatropikala da, eta euri asko egiten du apiriletik azarora (3.000-4.000 mm urtean, batez beste). Tenperatura beroa da, 26 °C urtarrilean eta 24,5 °C ekainean. Barnealdeko lautadak oihan ekuatorial trinkoak estaltzen ditu, eta iparraldeko mendialdeetansabana da nagusi.
Liberiako biztanle gehienak bertako arraza beltzeko etnietako kideak dira, baina XIX. mendean bertara emigraturiko afroamerikarrek ere talde handia osatzen dute. Gerra zibilaren garaia arte, biztanle gehienak herri txikietan bizi ziren, bizimodu tradizionalaren arauei jarraituz. Gerraren eraginez, emigrazio-olde handiak gertatu ziren, ordea.
Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina azpimarratzekoa da bertako biztanleen bostenak bakarrik erabiltzen duela; gainerakoek bertako hizkuntzak erabiltzen dituzte.
Bizi-itxaropena 51 urtekoa da, batez beste, eta analfabetismoa oso handia (% 62 ingurukoa); gobernuak ahalegin handiak egin ditu hezkuntza-sistema berrantolatzeko, baina oraindik oso eskasak dira azpiegiturak. Biztanleriaren hazkunde-tasa % 4,5 da, munduko handiena, eta langabezia % 85 ingurukoa, hori ere munduko handienetakoa.
Nekazaritza da Liberiako ekonomia-jarduera nagusia, eta horretan dihardu biztanleen % 68k.Arroza,azukre-kanabera,palmondoak,bananak eta abar lantzen dituzte, baina beren beharrak asetzera bideratzen dute uzta. Liberiako ekonomia kanpotik inportatzen dituen lehengaien mende dago. Esportazioetankautxua etaburdina dira gai nagusiak, eta gai horiei loturik dago ia erabat Liberiako industria apurra.
Lehenengo kautxu-landaketa 1904an antolatu zen, eta garrantzi handiko enpresek jardun dute han, harik eta 1983anFirestonek bertan behera utzi zituen arte Liberiako bere jarduera guztiak. Liberiak lurpeko beste aberastasun ugari ditu (burdina, urrea, diamanteak, bauxita, manganesoa, beruna, zinka, eztainua, kobrea) eta garrantzi handiko jarduera da haien ustiapena, atzerriko herriek eta, batez ere, Estatu Batuek eskainitako azpiegiturari esker egiten dena.
Aipagarria da merkataritzako itsasontzi gehien dituen munduko herrialdeetako bat dela, bertan eskaintzen diren abantaila fiskal eta arau onuragarriei esker. Liberiako gobernuak ahaleginak egin zituen herritarren heziketa eta trebakuntza sendotzeko, baina finantza-baliabideen erabilera okerrak, esportaziorako gaien prezio merkeak eta zor gero eta handiagoak krisi larria ekarri zuen, eta, krisi horren ondorioz, gerra zibila sortu zen. 1989-1997 bitarteko gerra zibilak erabat hondatu zuen Liberiako ekonomia, batez ere Monroviako eta inguruetako azpiegiturak. Liberian negozioak zituzten dirudun gehienek bertako kapitalak hartu eta ihes egin zuten gerra garaian. Batzuk itzuli egin ziren 1997an, baina ez guztiak. 1997an aukeratutako gobernuak arazo larriak izan zituen kanpo-zorrei aurre egiteko, besteak beste.
Azken bi mendeetan zehar, lotura estua izan du Liberiak Estatu Batuekin, eta egun ere, herrialde horrek Liberiari laguntza handiena ematen dio.
Liberia errepublika bat da, eta gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1997an berridatzi zen azkenekoz. Dena dela, 1990eko gerra-egoerak errepublikaren erakundeak suntsitu eta antolaketa politikoa desegin zuen, eta gerratik demokraziarako trantsizioa gauzatzen ari dira liberiarrak. Estatu Batuen ereduaren arabera antolatuta dago, hiru adarretan, baina lehendakariak nagusitasun handiagoa du han baino; gainera, ez da federazioa, eta, bi alderdiko sistemaren ordez, alderdi anitzeko sistema ezarri dute.
Liberia Afrikako errepublikarik zaharrena da. XVI. mendean ikertu zuten lurralde hura bidaiariportugaldarrek, eta handik aurreraesklabo beltzen salerosketarako lurra izan zen.
1821-1822 urteetan,kolonia bat antolatu zuen bertanAmerican Colonization Society izeneko elkarteak, Estatu Batuetan askatutako esklabo beltzak han bizi zitezen. Hala sortu zen Liberia (baita Sierra Leona ere), eta 1847an estatu burujabe bihurtu zen, Estatu Batuetakoaren antzeko konstituzio batez, Monrovia hiriburu zuela.
1892an zehaztu ziren Liberiaren betiko mugak, bainaFrantziako kolonia-inperioarekiko muga-arazoek beren horretan iraun zuten XX. mendearen hasiera arte. 1926an lur sail handiak (400.000 ha) saldu behar izan zizkion Liberiako estatuakFirestone konpainiari 5 milioi dolarren truke, hartutako kredituei aurre egin ahal izateko. 1931n, ikerketa zabal bati ekin zionNazioarteko Ligak Liberiako esklabotasuna zertan zen argitzeko.
Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuek jarduera militarretarako erabili zuten Liberia, eta errepideak, Monroviako aireportua eta Monroviako portu handia atondu zituzten urte haietan. Gerra ondoren handitu eta gorpuztu zen Liberiako merkataritzako ontziteriai handia. 1944-1971 urteetanWilliam Tubmanek gidatu zuen Liberiako politika, diktadore baten moduan, eta bertako biztanle autoktonoak aintzat hartu gabe (50.000 afroamerikarrek osatzen dute Liberiako ekonomia eta politikako talde nagusia). 1971n W. Tolbert aukeratu zuten lehendakari, baina huts egin zuen liberalizazio-saioan. 1980an militarrek hartu zuten aginpidea,Samuel Kanyon Doe buru zela, eta 1985ean gobernu zibil bat ezarri zuen Doek.
1989ko gerra zibilak 1993 arte iraun zuen. NPFL (Liberiako Fronte Abertzale Nazionala,Charles Ghankay Taylorren buruzagitzapean), ULIMO (Liberiako Demokraziaren Aldeko Askapen Mugimendu Batua) eta Doe diktadorearen heriotzaren ondoren ezarritako behin-behineko gobernuaren artean izan zen gerra, nagusiki, nahiz eta baziren beste zenbait talde ere. NPFL izan zen diktaduraren aurka altxatu zen lehen erakundea. 1990ean, bakea lortzeko ahaleginak egin ziren, Afrika Mendebaldeko Herrialdeen Ekonomia Erkidegoaren (ECOWAS) bitartekaritzarekin; behin-behineko gobernu bat osatu zenAmos Sawyer zuena buru, baina ULIMO (Liberiako Demokraziaren Aldeko Askapen Mugimendu Batua) erakundeak ez zuen ezagutzen behin-behineko gobernua, eta gobernuaren kontra matxinaturiko bi gerrillek administrazio alternatiboak antolatu zituzten. 1992. urtean Liberiako biztanleen laurdenak ihes egin zuen Liberiatik. Liberiako aginpidea eskuratzearren borrokan zihardutenen artean adiskidantza nazionalerako gobernu bat osatzeko hainbat ahalegin egin ondoren, 1993an sinatu zuten, azkenik, bake-hitzarmena, Nazio Batuek agindutako arma-blokeoarekin. Harrezkero, estatu-kontseilu bat osatu ahal izan zen hiru alderdietako kideen parte-hartzearekin. Kontseilu hark hartu zuen behin-behineko gobernuaren lekua. Gobernu berria aukeratzeko, 1996. urtea finkatu zen, baina berriro hasi ziren istiluak. NPFL eta ULIMOren artean hasi ziren istiluak, batetik, baina, bestetik, NPFLren barnean ere liskarrak izan ziren, eta bitan zatitu zen. Azkenerako baziren zazpi bat talde, eta guztiek guztien kontra ziharduten gerran. Egoera nahasi hura zela-eta, bertan behera gelditu zen bake-prozesua, eta are gehiago, gerra zibila piztu zen berriro hainbat eskualdetan, nahiz eta behin-behineko gobernuaren, NPFLren eta ULIMOren artean koalizioa mantendu zen. 1996an berriro sinatu zen hitzarmena, Abujan, Nigerian. Talde guztiek armak uztea eta hauteskunde orokorrak deitzea izan ziren hitzartutako erabaki nagusiak; ordurako 200.000 hildakotik gora eta ehunka mila iheslari eragin zituen gerrak.
1997ko hauteskundeetan, NPFL izan zen garaile, eta Charles Taylorrek lortu zuen Liberiako lehendakaritza. 1998an gerratik ihesi Afrikako hainbat herrialdetara alde egindako 800.000 liberiarrak itzultzeko neurriak hartu ziren, baina arazo larriak sortu ziren hasieran laguntza agindu zuten erakundeek ez zutelako diru aski. 2003an dimisioa eman zuen Taylorrek, 1999az geroko gerra zibilak behartuta eta Estatu Batuen presioak bultzatuta, eta behin-behineko gobernu batek hartu zuen agintea.
2005eko hauteskundeetan,Ellen Johnson-Sirleaf hautatu zuten lehendakari, Afrikako herrialde baten buru izatera iritsi den lehen emakumea.