Ginea Bissaumendebaldeko Afrikan dago, ipar latitudeko 11° eta 13° artean, eta mendebaldeko longitudeko 13° eta 17° artean.Senegalekin du muga iparraldean,Ginearekin ekialdean eta hegoaldean, etaOzeano Atlantikoa du mendebaldean; bertan daude Bijagos uharteak.
Lurralde laua da, garaixeagoa barrualdean (muinoak etagoi-ordokiak),oihanez estalia gehiena. Gunerik garaiena Boéko muinoak dira (361 metro). Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke:
Kostaldeko ordokia eta padurak,mangladiz etapalmondo sailez estaliak; lurraldeko parterik euritsuena da, eta bertanarroza etaazukre-kanabera lantzen dira.
Barnealdeko ordokia, Geba ibaiaren eta Senegalgo mugaren arteko lurrak hartzen dituen oihana; 26-27 °C arteko tenperatura izaten da, batez beste, eta kostaldean baino euri gutxiago egiten du.
Senegal eta Ginea ondokosabana; lurralde horretako aldi lehorra (azaroa-apirila bitartean) besteetakoa baino nabarmenagoa izaten da; bertansorgoa,artatxikia, etakotoia lantzen dira.
Klima tropikala da, beroa eta hezea. Bi urtaro daude,euritsua ekainetik azarora, etalehorra abendutik apirilera. Urtaro lehorreanharmattanak jotzen du.
XIII. mendean, Ginea Bissauko kostaldeko herriak (balanta,papel,manjak) nekazariak ziren.Maliko Inperioak mendean hartu zituen.XV. mendearen bukaeran,portugaldarrak kostaldean finkatu ziren, helburu birekin: batetik, bertako biztanleakesklabo hartu etaCabo Verdeko uharteak kolonizatzeko erabiltzea eta, bestetik, Ameriketan saltzea.1687. urtean, gotorlekua eta esklaboen salerosketarako gune bat eraiki zuten Bissaun. Portugaldarrak frantsesen eta britainiarren kontra lehiatu ziren koloniaren jabetasuna zela eta, azkenean, frantsesek eta portugaldarrek elkar harturikGinea Portugesa izan zenaren mugak zedarritu zituzten1886-1905 bitartean.
PAIGCen indarrak Ginea Bissauko bandera goititzen 1974an, independentziaren ostean.
1956. urtean, Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikako Alderdia (PAIGC) sortu zuenAmílcar Cabralek eta, urte batzuk geroago, Portugalen kontrako gerrari ekin zion alderdi horrek berak.1973ko urtarrilean, Amílcar Cabral hil zuten.[3] Urte bereko irailaren 23an, Ginea Bissauk burujabetasuna aldarrikatu zuen, eta hurrengo urtean onartu zion Portugalek.Luís Cabral, PAIGCen idazkaria, hautatu zuten presidente.
1980ko azaroan,Joao Bernardo Vieirak indarrez hartu zuen aginpidea.1981eko urtarrilean,Cabo Verde Ginea Bissautik banandu zen.1984. urtean, huts egin zuen estatu kolpe batek eta konstituzio berria onartu zen. Konstituzio horrek aginduta, lehen ministro kargua kendu zen eta Herri Biltzar Nazionala eta Estatuko Batzordea ezarri ziren berriro. 1984az geroko egonkortze planak porrot egin zuen eta ekonomiaren eta finantzaren egoerak nabarmen egin zuen txarrera. Horri aurre egiteko, gobernuak izoztu egin zituen soldatak, murriztu egin zuen inbertsio publikoa, eta ekonomiak ateak zabaldu zizkion Portugalgo eta Frantziako kapitalari.
1991n, GCIAAk erreforma politiko bat onartu zuen: haren arabera, hauteskundeak1992an egin behar ziren baina, ezegonkortasun ekonomiko eta politikoaren ondorioz, gobernuak atzeratu egin zituen eta1993an ere bai. Azkenik,1994an, Joao Bernardo VieirakKumba Ialá garaitu zuen: haiek ziren presidentetzarako eta parlamenturako alderdi anitzeko lehenengo hauteskundeak.1998an, borroka larriak izan ziren herrialdeanAnsumane Mané jeneral matxinoaren eta Vieiraren gudarostearen artean.[4] Azkenik, hiriburuko biztanle gehienek ihes egin ondoren,su-etena izenpetu zuten.[5]
2003an,Veríssimo Correira Seabra jeneralak estatu kolpe bat zuzendu zuen. Batzorde militar batek behin behineko agintariak izendatu zituen, hurrengo hauteskundeak deitu bitartean. Soldaduen matxinada batek gudarosteko ofizialak hil zituen2004an. Sei urtean erbestean egon ondoren,2005eko apirilean Joao Bernardo Vieira lehendakari ohia herrialdera itzuli eta, handik bi hilabetera, hauteskundeak irabazi zituen.2007an, diputatu ofizialista talde bat gobernuko alderditik bereizi eta beste koalizio bat osatu zuen.Aristides Gomes lehen ministroak uko egin zion karguari, etaMartinho Ndafa Kabik, oposizioaren buruak, ordeztu zuen, kontsentsuko gobernu bat osatzeko asmoz.
2009ko martxoaren 2an, armadako kide batzuek Joao Bernardo Vieira presidentea hil zuten. Itxura guztien arabera, mendekua izan zen, egun bat lehenago, Batista Tagme Na Waie armadako burua hil zuten, eta Zamora Induta armadako ordezkariak Na Waieren hilketan zerikusia izatea leporatu zion presidenteari.[6] Hura ordezteko hauteskundeak ekainaren 28an egin ziren, etaMalam Bacai Sanhá irabazle atera zen.2011ko abenduan, Armadaren zati bat estatu kolpea egiten saiatu zen: Armada bitan zatitu zen, eta hiriburuan bi bandoen artean liskarrak piztu ziren. Kolpearen arduradunak atxilotu eta gero, egoera kontrolpean zeukala adierazi zuen gobernuak.[7]
2012ko urtarrilaren 9an, Malam Bacai Sanhá presidentea hil zen,Parisen. Ospitaleratuta zegoen han, gaixotasun baten ondorioz.[8]Raimundo Pereira izendatu zuten jarduneko presidente, eta bera izan zen hautagairik bozkatuena martxoaren 18an egindako hauteskundeen lehen itzulian. Apirilaren 29an zen egitekoa bigarren itzulia, baina bi aste lehenago militar talde batek estatu kolpea jo zuen. Golpistek Pereira atxilotu zuten, etaManuel Serifo Nhamadjo presidente izendatu.[9][10]José Mário Vazek irabazi zituen 2014ko bozak, eta 2020ko otsailera arte izan zen errepublikako presidentea.Umaro Sissoco Embaló izan zuen ondorengo.
1984ko konstituzioaren arabera, errepublika erdi-presidentzialista da; presidentea da estatuburua, eta lehen ministroa gobernuburua. Parlamentuak ganbera bakarra du: Herri Biltzar Nazionala (portugesez:Assembleia Nacional Popular), 102 kidez osatua.[11]
2020an 1,6 milioi biztanle zituen.[2] Oso biztanleria gaztea da: 0-14 urte bitartekoak, % 43,2 dira; 15-24 urte bitartekoak, % 20,4; 25-54 urte bitartekoak, % 30,2; 55-64 urte bitartekoak, % 3,1; eta 65 urtetik gorakoak, % 3,1. Bizi itxaropena 62,8 urtekoa da: 60,6 urtekoa gizonezkoena eta 65,1 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[11]
Alfabetizazioari dagokionez, biztanleria osoaren % 59,9 dago alfabetatua, askoz gehiago gizonezkoak (% 71,8), emakumezkoak baino (% 48,3). Osasun egoera arrunt txarra da.Disenteria,A hepatitisa,sukar tifoidea,malaria,dengea,sukar horia,eskistosomiasia etaamorrua, besteak beste, ohiko eritasunak dira, etaHIESaren prebalentzia % 3,4 da (2019). Haur hilkortasuna handia da: 1.000 jaioberritik 52 hiltzen dira. 13 sendagile daude 100.000 pertsonako.[11]
Etnia ugari bizi dira.Balantak (biztanleriaren % 22,5),manjakak (% 8,3) etapapelak (% 9,1) kostaldeko lurretan bizi dira eta nekazaritza dute bizibide; barnealdean, berriz,fula etniako artzainak (% 28,5), etamalinke nekazariak (% 14,7), 2008ko zenbatespenaren arabera.[11]
Hizkuntza ofizialaportugesa da, baina bigarren edo hirugarren mintzaira izan ohi da gehienentzat. Hizkuntzarik hedatuena portuges kreolera (portugesez:criouloa) da, bertako zenbait hizkuntzaren sintaxia eta hiztegia darabilen portuges dialektoa.Balantera,fula,mandinkera,manjakera ere hitz egiten dira.[12]
2008ko zenbatespenaren arabera,musulmanak dira biztanleen % 45,kristauak % 22, eta % 15erlijio tradizionalen jarraitzaileak.[11] Musulmanak gehiengoa dira iparraldean eta ekialdean, eta kristauak kostaldean.
Portugalen aurkako gerrak erabat suntsitu zituen Ginea Bissauko produkzio bideak. Herrialdeak askatasuna lortu zuen, baina munduko estatu pobreenetako bat bihurtu zen. Oinarrizko ekonomia jardueraknekazaritza eta abere hazkuntza dira. Kostaldeanolio-palmondoa,kokoa eta arroza dira nagusi eta barnealdean abere hazkuntza (behiak etatxerriak). Esportazio gai nagusiaanakardoa da. Lurraldeko % 55 basoa da, eta bertatik ateratzen den zurik gehiena erregai gisa erabiltzen da; hala ere, zur gogorrekobissilom izeneko zuhaitza dago eta hura esportatu egiten da.
Ginea Bissauko itsasoa aberatsa da arrainetan. Bertakoek arrantza tradizionala egiten dute, baina arrantza industrialaEuropar Batasuneko etaTxinako enpresen eskuetan dago.[13] Industria apurra nekazaritzako gaiak eraldatzeko jarduerekin lotuta dago. Mea baliabideak daude, baina oraindik behar bezala ustiatu gabe:bauxita,fosfatoak etapetrolioa (Ginea Bissauri dagokion itsas barrutian).