Movatterモバイル変換


[0]ホーム

URL:


Edukira joan
WikipediaEntziklopedia askea
Bilatu

Diktadura

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Erregimen totalitario» orritik birbideratua)

Politika
Demokraziaren Indizea,The Economist aldizkaria, 2023.[1] Gorriak erregimen autoritarioak erakusten ditu; zenbat eta ilunago, ziurrenik diktadura bat. Diktadurarik berrienakAfrikan etaAsian daude.

Diktadura (latinezkodictatura hitzetik)gobernu modu bat da,boterea gizabanako bakar baten (hau da,diktadore baten) eskuetan biltzen duena, gehienetande facto ezarritako gobernu baten bidez. Diktadura baten ezaugarri dirabotere banaketarik ez egotea; agintea arbitrarioki gauzatzea, hura babesten duen gutxiengoaren mesedetan; herritarrek inolako adostasunik ez izatea; eta ezinezkoa izateaoposizioa boterera iristea prozedura instituzional baten bidez.[2]

Historikoki, diktadura terminoak antzinakoErromatar Errepublikarenmagistratura bereziari ere egiten dio erreferentzia, eta hortik dator haren jatorria.Gerra kasuetan edo larrialdi egoeretan,erromatar senatuak botere absolutuak ematen zizkion gizon bati aldi jakin batean, nahiz eta horregatik ez zen indargabetzen antolamendu politiko eta juridikoa. Hala, gaur egun, ohiz kanpoko egoera bat jartzen da argudiotzat diktadura baten iraupena, eskuarki biziartekoa, legitimatzeko (gerra,gatazka armatua,arriskua,krisia...). Era berean, diktadorea goretsi egin ohi da, herria askatzeko bere bizitza emateko gai den pertsona sakrifikatu gisa, eta, askotan, izaera militarreko eta erlijiosoko naturaz gaindiko izaera batez inguratzen da; eta, bereziki kasu horietan, beste diktadore baten ondorengotza bilatu nahi izaten da. Ezaugarrien arabera, diktadura autoritario edo totalitario bat izan daiteke.[2]

Aro garaikidean, zenbaitkonstituziodemokratikok, hala nolaWeimarko ErrepublikarenaAlemanian, salbuespenezko egoerak aurreikusi izan dituzte diktadura arrazoitzeko, termino horidemokraziari kontrajarritako gobernu modua ez balitz bezala.[2] Beste muturrean, itxurazko demokrazia jantziz estalitako diktadurak daude, horretarakoplebiszituak,eufemismoak eta beste erabilita.[3]

Etimologia

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Erromatar diktadura

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Diktadore (Antzinako Erroma)»

Erromatar diktadura zen pertsona bati,diktadoreari alegia, une zailetan, bereziki gerra kasuetan, aginte gorena ematen zion gobernu berezia; diktadura, antza denez,Tito Lartzio kontsulak proposatuta sortu zen, eta hura izan zuen, gainera, kargua betetzen lehena.[4] Diktadoreakontsuletako batek izendatzen zuen,Erromako Senatuaren agindu batez, hark baitzuen izendapenaren beharra aztertu eta kargua nork beteko zuen erabakitzeko ahalmena. Hasieran,patrizioak bakarrik izenda zitezkeen diktadore, bainaK.a. 356. urtean eskubide hori bera onartu zenplebekoentzat ere.[5]

Julio Zesar zenbait aldiz izan zen diktadore Antzinako Erroman.

Magistratu gorenak «diktadore» (dictator) eta «herriaren senatari» (magister populi) izenak jasotzen zituen eta bere agintea gehienez ere sei hilabeterako erabil zezakeen. Aldi horretan, ohiko prozedura guztiak, bertan behera gelditzen ziren, eta magistratuek, baitaplebeko tribunoek ere, ez zuten beren jurisdikzioko ahalmenik erabiltzen. Inork ezin zituen diktadorearen aginduak kritikatu, gaitzetsi edo eztabaidatu. Bere goi mailako agintea frogatzeko, diktadorearen aurretik 24liktor joaten ziren, kontsulekin batera 12 joan ohi ziren bitartean.[6]

Magister populi kargua «infanteriako kapitain» gisa itzuli daitekeenez ―diktadoreakzalditeriaren buru izateko izendatzen zuenmagister equitum karguaren analogiaz―, badirudi hasieran kargua krisi militarrei aurre egiteko zela, askoz ere neketsuago baitzen halako egoera bati aurre egitea urteko bi kontsulen agintearekin. Hala ere, geroago, ―Zizeronek etaKlaudiok diotenez― matxinada zibilen errepresiorako ere erabili izan ziren diktadurak, eta, nahiz eta jatorrian ez izan, karguaren funtzio izatera iritsi zen, adibidez,Liciniae-Sextiae legeek eragindako matxinadetan (K.a. 367) diktadore bat izendatu baitzen.[7] Halaber, badirudi gai txikietarako diktadore izendatu izan zirela, adibidez, jokoak edo jaialdiak egiteko edosenatuanhauteskundeak antolatzeko.[7]

Denboran zehar diktadorearen eskumenak zabaltzen joan ziren, horien arteanbakea adostea etagerra aldarrikatzea, eta inorheriotzara kondenatzea,apelaziorik gabe. Hala ere, ezin zuenAltxor Publikoa erabili herriaren aldez aurreko baimenik gabe, eztaItaliatik irten ere, eta bere agintaldia amaitu bezain laster eman behar zituen kontuak. Gainera, agintaldian,plebearen tribunoen zaintzapean zegoen, haiek aginteari eusten baitzioten eta, espero izatekoa zenez, kontu handiz eta zorroztasunez arduratuko baitziren tribunoen asmo eta nagusitasunari mugak jartzeaz, bereziki haietako batek botere guztiak bere eskuetan zituenean.[6]

DiktaduraErromako agintari gorena zenez, monarkiak sortzeko mekanismo naturala zen. Hori saihesteko asmo nabarmenarekin,Marko Antoniok lege bat eman zuen gobernu modu hori indargabetuz.[5]

Izatasuna

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Animalien munduan,boterearen adierazpenak nabariak dira. Esate baterako, gauza jakina da animalia batzukpixa egiten dutela zenbait eremutan beren lurraldea zedarritzeko, eta beste batzuek ―arratoiek, esaterako― bikoteen gorputzen gainean egiten dutela, ziur aski, beren jabetzaren zati bat dela adierazi nahirik Menderakuntza prozesuak belaunaldiz belaunaldi iragaten diren konbentzioen bidez betikotzen dira, eta, boterea eskuratzeko borrokan, oso gutxitan iristen dira benetako erasoak egitera. Sarritan ―Carl Sagan etaAnn Druyan idazle eta ekintzaileek dioten eran―, animaliaren portaeran anbibalentzia bat ikus daiteke, oldartze mekanismoaerabili ala ez erabili arteko tentsioa.[8]Oldarkortasuna, gizakiengan eta animaliengan boterearen agerbideetako bat den aldetik, naturak bizirauteko estrategia gisa erabiltzen du.

Naturaren ekintzetan ―Marko Aurelioren arabera― ez dago ondorio negatiborik. Animaliak ez dira oldarkorrakbasatiak,piztiak edogaiztoak direlako ―ez baitagokie halako hitzik―, baizik eta portaera horrek elikagaia ematen dielako eta harrapariengandik babesten, populazioa banatzen duelako eta pilaketa ekiditen duelako, eta egokitzapen balioa duelako. Erasoa bizirauteko estrategia bat da, bizitzarako eboluzionatu duena. Aldi berean dago, gainera, animaliengan, berezikiprimateen artean,errukiarekin,altruismoarekin,heroismoarekin eta kumeenganakomaitasun samur eta saiatuarekin batera. Izan ere, horiek ere bizirauteko estrategiak dira. Gizakiaren elementu sakona da erasoa. Eboluzio prozesuak egokitu egin du eraso maila —ez gehiegi, ez gutxiegi— inhibitzaile eta desinhibitzaile egokiekin. Joera kontraesankorren nahasketa zurrunbilotsu batean gertatzen da dena.[9]

Menderatzehierarkia baten geometria orokortuena, bai animaliengan bai gizakiengan, lineala edo lerro zuzenekoa da. Hierarkia linealak nabarmenagoak dira korporazio handietan. Animaliengan, hierarkia mota hori errazago ikusten daetxeko hegaztietan eta animalia batzuen artean, hala nolaugaztunen artean,arren bizitza sozialaren zati garrantzitsu gisa. Giza eta animalia taldeetan, horrelako harremanak daude: kudeatzaile nagusiak kudeatzaile ertainen esku uzten ditu erabakiak, horiek talde buruen esku, eta horrela hurrenez hurren. Gauza bera gertatzen da animaliekin: batzuk agintzen dute,alfa animaliak dira; eta besteek obeditu egiten dute, beherago daude eta ez dute norengan agindu,omegak dira. Zaila da ikustea ar bat alfa gisa hastea, menderatze jokabidearen bidez irabazi behar baitu maila hori. Hierarkia linealeko animaliek eta gizakiek badakite beherago daudenak menderatzen eta gorago daudenen mende jartzen. Bi indar kontrajarri daude: inor menderatzerako joera eta inork menderatua izateko joera. Animalia batzuetan, emeak jakin dezake arra nor den; analogiaz, gizakiengan eme batzuek ar menderatzailea hobesten dute, ezer jakin gabe haren heziketaz, familiaz, finantza egoeraz edo asmo onez. Kimika bat dago, adibidez,hamsterren artean: boterearen usaina. Ar nagusiek jariakin bat sortzen dute, mendeko arrek ez duten feromona bat..Henry Kissinger Estatu Batuetako estatu idazkari ohiak aktoresa eder batek berarengatik sentitzen zuen erakarpena azaltzen zuen: «boterea da afrodisiako handiena da».[10]

Pentsalari batzuen aburuz, boterea ez da ez ona, ez txarra; egiten den erabileraren araberakoa da.Nietzscheren ustez, adibidez, boterea berez da ona.[11]

Motak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Adolf HitlerNurenbergen, 1935an.

Lausoa izan daiteke diktadura bat eta erregimen ez-diktatorial bereizten duen lerroa. Izan ere,demokrazia finkatuen jarrera jakin batzuek zalantzan jartzen dute zehazki zer ote dendemokrazia eta zer diktadura. Hala ere, oro har,diktaduratotalitarioek boterea kontzentratzen dute pertsona bakar batengan, edo talde txiki, trinko eta, ia beti, monolitiko batean. Halakoetan, botereak bere gain hartzen du herriaren edo nazioaren borondatearen interpretazio esklusiboa. Gehienetan gainera, botere kontzentrazio hori buruzagi gorenaren gurtza bihurtzen da, dimentsio ia erlijiosoekin.[12]

Diktadura totalitarioen beste ezaugarri bat da beren jarduera politikoadoktrina global baten bidez justifikatzen dela, giza existentziaren adierazpen guztietan eragin nahirik:ekonomia,familia,kultura etaerlijioa. Diktaduretan ohikoa daizua erabiltzea edozeindisidentzia edoaurkaritza ezabatzeko. Ildo horretan, kasurik larrienak izan diranaziensarraskiesparruak;sobietarrengulag edo lan behartuen esparruakestalinismoaren garaian; edoKanbodiako exekuzio masiboakKhmer gorrien gobernuaren garaian.[13]

Diktaduraautoritarioek antzeko ezaugarriak dituzte, baina intentsitate apalagoz. Hala, botereakoalizio batean kontzentratuta egon ohi da (militarrak,enpresaburuak,erlijiosoak eta abar), eta legitimatu egiten daprintzipio handien bidez:aberria,ordena,justizia,jainkoa eta abar,ideologia global bat aldarrikatu behar izanik gabe;frankismoa da horren adibide ona bat. Azkenik,errepresioa erabiltzen dute elementu arbitrario eta nahierakoak baliatuta, erregimen totalitarioen sarraskietara iritsi gabe. Alde horretatik begiratuta, frankismoa elementu totalitarioekin hasi zen, autoritarioa izaten amaitzeko.[14]

Familia klanek eta lur jabe handiek kontrolatutako diktaduren artean, monarkia absolutuak nabarmentzen dira, hala nolaSaudi Arabia edoArabiar Emirerri Batuak. Talde horren barruan sar daitezke, halaber,Erdialdeko Amerikako errepubliketan (El Salvador edoGuatemala) 1990eko hamarkadaren amaiera arte agintzen zutenoligarkia handiak. Horiek guztiak diktadura kontserbadoreak dira.[15]

Diktadura militarren artean,statu quoaren kontserbatzaile, nabarmentzen diraArgentina (1976-1983),Myanmar (diktadura izaten jarraitzen du),Indonesia (1965-1998),Txile (1973-1988) eta abar. Diktadura militar baina gizartearen eraldatzaileen artean nabarmentzen diraTurkia (1920-1960,Kemal Atatürk Turkia modernoaren sortzailearen garaian;Hego Korea (1970-1990),LibiaMuammar al Kadafiren garaian eta abar.[15]

Bestalde, badira diktadura batzukaparatu burokratiko eta militarraren arteko nahasteak izan zirenak eta direnak. Sail horretan kokatzen dira, kontserbadoreen artean,Espainia (1939-1975),Francoren agindupean;Portugal (1926-1974),António de Oliveira Salazarren etaMarcello Caetanoren garaian; etaTaiwan (1950-1990),Kuomintangen denboran. Gizartea eraldatzeko asmoa zuten diktadura burokratiko-militarren artean dago,Irak (1968-2003),Saddam Husseinen garaian, eta, gaur egun,Txina,Kuba,Vietnam edoSiria.[15]

Beste diktadura mota bat dadiktadurazibil-burokratikoa,alderdi nagusi bakarbaten bidez; eredu ezagunenetako bat da. Gaur egun, era horretako diktadura kontserbadoreak diraAzerbaijan,Bielorrusia,Kazakhstan etaEkuatore Ginea. Statu quo sozioekonomikoa eraldatu nahi duten diktaduren artean daude,Mexiko (1929-2000),PRIren erabateko agindupean;Sobietar Batasuna (1917-1991),SBAKen mende eta satelite guztiakEkialdeko Europan;Ipar Korea gaur egun, eta abar.[15]

Azkenik,diktadura erlijiosoak nabarmentzen dira. Talde horretan kontserbadoretzat hartzen daTibet 1950era arte, TxinakDalai Lama erbestera bidali zuenean; etaAfganistan (1996-2001),talibanen mendean. Eraldatzaile gisa,Iran nabarmentzen da, gaur egun errepublika islamiar gisa jarraitzen baitu.[15]

Diktadura ereduen arteko desberdintasunak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Batzuetan nahasi egiten dira, alde batetik, diktaduraautoritarista etatotalitarista; eta, bestetik, diktadurafaxista. Bi kontzeptuak elkarri estu lotuta badaude ere, alderdi bereizgarri batzuk daude. Nolanahi ere, gogoan izan behar da gobernu diktatorial batek bateko zein besteko.[16]

Diktadura autoritario eta totalitarioak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Autoritarismo terminoa totalitarismoaren kontrakotzat sendotu zen ―azken hori aldarrikatzen zuen beretzatfaxismoak― mundu gerren ondorengo azterketetan.[14] Diktadura totalitarioen aldean, diktadura autoritarioak ezaugarri hauek ditu:[2]

Aldiz,totalitarismoa bereizten da autoritarismoaren aldean trinkotasun handiagoz ezartzen dituelako, elkarrekin dituzten elementu batzuk:

  • Boterea kontzentratzen da pertsona edo talde oso txiki batean, normalean alderdi politiko edo mugimendu batean, eta horrekpertsonaganako kultura eraman dezake.
  • Jarduketa politikoa justifikatzen da giza jardueraren eremu guztietan agertzen dendoktrina orokor baten bidez:ekonomia,kultura,familia edoerlijioa.
  • Beldurra sistematikoki erabiltzen da,polizia sekretu baten bidez,disidentzia edo aurkaritza ezabatzeko.
  • Kontzentrazio esparruak erabiltzen dira oposizioa eta erregimenaren etsaiak isolatzeko.
  • Autoritarismoak disidenteak apaldu eta jendaurreko adierazpenak saihestu nahi dituen bitartean, totalitarismoak, aldiz, erauzi egin nahi ditu aurkako pentsamendu formak, jendea doktrinatuz eta pentsamoldeak birmoldaraziz.

Diktadura totalitarioek funtsezko elementu bat dute: estatu politika giza jardueraren eremu guztiak kontrolatzeko eta gizarte eremu osoa okupatzeko mekanismo bihurtzea.[17]

Diktadura faxistak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Diktadura faxista erregimen politiko batzuei dagokie, baitotalitarioak edoautoritarioakgerra artekoEuropan, baiBigarren Mundu GerranArdatzaren potentziek inposatu zituzten ia guztiak. Modu nabarmenean eta lehenik dagokio termino horiBenito Mussoliniri, berak sortu baitzuenItalian (1922) eredua eta terminoa; ondoren,Adolf HitlerrenkAlemanian (1933) azken ondorioak atera zituen; eta, zikloa itxiz,Francisco FrancokEspainian ezarri zuen, askoz denbora luzeagoz eta garaitik kanpo eboluzionatuta (1936tik 1975era). Planteamendu ideologikoen eta ibilbide historikoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira erregimen horien artean.[18]

Historia

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Ustelkeria

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Mobutu Sese Seko, Zaireko diktadorea urte luzez; ustez zortzi mila milioi dolar baino gehiago eskuratu zituen.

Ustelkeriaren kasu klasiko gisa, sarritan errepikatutako diktadore esplotatzailearen eredu izan zenMobutu Sese Seko,Zaire gobernatu zuena 1965etik 1997ra. Beste kasu ezagun batFerdinand Marcosen diktadura izan zen,Filipinetan, 5-10 mila milioi dolar inguru lapurtu zuena.[19]

Era berean, 400 mila miloi dolar baino gehiago lapurtu zituztenNigeriako buruzagiek 1960-1999 bitartean.[20]

Militarrak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Beti ez bada ere, militarrek ezarri izan dituzte sarritan diktadurak. XX. mendean horren adibide asko daude:Adolf Hitler,Alemaniannazionalsozialismoaren garaian;Benito Mussolini,Italian;Francisco Franco,Espainian; eta beste zenbait adibideLatinoamerikan,Afrikan etaAsian, XX. mendearen bigarren erdian.[21][22][23]

Kolonbian,Latinoamerikako herrialde gehienetan ez bezala, diktadura bakar bat izan zuten,Gustavo Rojas Pinillaren kolpe militarraren ondorioz, 1953an. Boterean zegoela, Rojas Pinilla jeneralak Kongresua itxi zuen, eskubide konstituzional eta demokratiko guztiak bertan behera utzita. Dena dela, ez zuen asko iraun, lau urte geroago, 1957an, burgesiak bultzatutako estatu kolpe batez kendu baitzuten boteretik.[24]

Proletarioen diktadura

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Marxekproletarioen diktadura deitzen zuena daproletarioek ezarritako gobernu mota bat, erregimenkapitalista amaitu eta estatu boterearen maila guztia haien eskutan dagoelarik. Helburua du iraultza sozialista sendotzea etaburgesiari bidea ixtea, boterea berreskuratu ez dezan. Proletarioen diktadura aldi iragankortzat hartzen da, herri osoaren diktadura bati bide emango diona, gizartekomunista bat lortzeko lehen urrats gisa.[25][26]

Diktadurak aro garaikidean

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Boterea lortzea

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Oro har, diktadoreak boterera iritsi ohi diraestatu kolpe baten ondorioz, koalizio zibiko-militar batek edoindar armatuek egina. Horrela, diktadurak aparatu militarraren boterearen sostengua izan ohi du.[27]

Batzuetan, diktadoreak boterera irits daitezke herri bozketetanhautatuak izanik,alderdi bakar batek edo edozein zeinutako hierarkia nagusi batek izendatuak, edo boterea zeukan ahaidea hil ondoren herentzian jasota.[28]Totalitarismoekiko lotura gordetzen du,boterea legitimatzeko sistema bat ezartzen baituindarrezko etahierarkiazkosistema politiko baten bidez, eta mugimenduaren edo alderdiarenideologiaren bidez.[29][30]

Diktadura konstituzionala

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Diktadura konstituzionala da sistema politiko bat, nonkonstituzioa errespetatzeko itxuraren azpian, boterea erabat kontzentratzen baita diktadore baten eskuetan ―eta, ondorio bidez, harenkonplizeen eskuetan―, boterelegegilea, betearazlea etajudiziala zuzenean edo zeharka kontrolatuta. Konstituzioarekiko itxurazko errespetua iruzur konstituzional baten bidez gauzatzen da, adibidez hauteskunde iruzur baten bidez.[31][32][3]

Errepresioa

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Diktadurek legez kanpoko metodoak erabiltzen dituzte, herritarren artean beldurra edo izua zabaltzeko, helburu jakin batzuk lortzeko asmoz edo berez gertatuko ez liratekeen portaerak sustatzeko asmoz. Halako metodoak estatu arrazoiaren izenean justifikatzen dira, oro har.

Hala,estatu terrorismoak forma hauetako bat edo gehiago hartu ohi ditu:

  1. Legez kanpoko hertsapen edojazarpena,bahiketa, desagertze behartuak,tortura,hilketa edoexekuzio estrajudiziala.[33][34]
  2. Erakundeterrorista klandestinoak ―benetakoak nahiz itxurazkoak― sortzea, haiei laguntzea edo haien aurkako jardueretan zabarkeriaz jokatzea nahitara. Erakunde horiek indar oposiziogileen muturrekotzat aurkezten direnez, horrek justifikazioa ematen dieiritzi publikoaren aurrean.[35][36]
  3. Indar polizial eta armatuetako kideak bultzatzea populazio zibilari beldurra eragiteko moduan joka dezan, edo ekintza horiek mugatzeko nahiz geldiarazteko neurriak hartzeari uko egitea.Estatu Batuetako armadaren WHINSEC (ingelesez:Western Hemisphere Institute for Security Cooperation) eskola kritikatua izan daLatinoamerikako militar asko entrenatu zituelako, besteak beste, heriotza eskuadroien antolatzaile izango zirenak.[37]
  4. Helburu bera duten operazio militarrak modu irekian egitea, «etsaiaren morala haustera bideratuak», biztanleria zibileansegurtasun eta beldur egoera larria eragiten dutenarmen bidez. Halako ekintzak maiz ezkutatzen diraalbokalteak direla argudiatuz, helburu militar legitimoen aurka egindako erasoak direla argudiatuz, nahiz haien nabarmentasuna hutsala da biztanleriak jasandako kalte edo izuaren aldean.[38][39]
  5. Emigrazio politika hertsi bat ezartzea, herrialdetik libreki irtetea eragozten duena,espetxe edoheriotza zigorraren mehatxupean, edo, bestela, oposizioko kideenerbesteratzea behartzen duena.[40][41]

Filosofia politikoaren esparruan eztabaida dago, zer den eta zer ez den den estatu terrorismoa. Adibidez, argudiatu izan daBigarren Mundu GerranBritainia Handiko etaEstatu Batuetako hegazkinekAlemaniako etaJaponiako hirien aurka egindako bonbardaketa sistematikoak, edonaziekLondresen eta beste hiri batzuen aurka egindakoak,estatu terrorismotzat hartu behar ote diren.[42][43]

Era berean, herritarren kontrol demokratikotik kanpo estatuak finantzatutako erakunde sekretuek ―hala nola, besteak beste,CIA,KGB,Mossad,SECED etaCESID erakundeak Espainian, IngalaterrakoMI5 etaMI6, PerukoDINI, FrantziakoDGSE, AlemaniakoBND, PortugalgoSIS, ItaliakoAISI― parte hartzen dutesabotajeak,hilketa estrajudizialak etaatentatuak antolatzen, edo halako ekintzetan aritzen diren taldeak finantzatzen eta trebatzen.[44][45][46] Frogatu izan da era horretako laguntza jaso zutelaSobietar gerraren garaian talde islamiarrek ―Osama bin Laden barne― edoNikaraguaniraultza sandinistaren aurka aritu zirentaldeek. Arrazoibide horren arabera, inteligentzia erakunde eta agentzia asko, beraz, dagokion estatuak gidatutako erakunde terroristak izango lirateke.[47]

Zentsura

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Hedabideetan ohikoa da ikustea albisteakzentsuraz eta informazioaren manipulazio mediatikoaz.Venezuelan, informazioa kontrolatzeko zentro bat sortu zen 2010ean,Centro de Estudio Situacional de la Nación izenaz, «interes nazionaleko» informazioa «bildu, prozesatu eta aztertzeko».[48] Kasu honetan zentsuraren topikoa eztabaidatzen ari da. Diktadura batean ezinezkoa da, besterik ezean, eztabaida horiei buruzko iruzkin edo iritziren bat planteatzea.[49]

Informazio distortsioa,manipulazioa, informazioaren aldaketa monopolistikoa eta antzeko terminoak erabiltzen dira,zentsura saihestearren errealitatearen mozketa edo hedabideen informazio hautu bakoitza gertatzen denean. Izan ere, errealitatearen mozketa oro xede batekin egiten da, nahitara eginda edo nahi gabe,argazkilariak lentea alde batera zuzentzen duenean eta bizkarra ematen dionean beste aldeari; edokazetariak galdera jakin batzuk egiten dituenean, beste batzuk alboratuz; edoeditoreak irudi nahiz erantzun batzuk hautatzen dituenean; edohedabide batek aurreko guztiak argitaratzea edo baztertzea erabakitzen duenean.[50] Onartu beharra dago herrialde demokratiko guztietako komunikabideak eta gobernuak, bakoitza bere erara eta bere baliabideekin eta etika erlatiboarekin, saiatzen direla informazioa nolabait manipulatzen. Alde horretatik begiratuta, zentsura diktadura erregimenen ezaugarria da: debekatu, moztu, liburuak erre, autozentsura sustatu bizirauteko modu bakar gisa, eta jazartzea tortura edo heriotzaraino.[51][52]

Diktadurak munduan zehar

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Diktadura izandako herrialdeak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Diktadura garaikideak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez)«Democracy Index 2023» Economist Intelligence Unit (web.archive.org) 2024-02-14 (kontsulta data: 2024-04-02).
  2. abcd (Gaztelaniaz)Molina, Ignacio; Delgado, Santiago. (1998). Conceptos fundamentales de Ciencia Política. Madril: Alianza editorial ISBN978-8420686530. OCLC.40913446.
  3. ab (Ingelesez)Levinson, Sanford; Balkin, Jack M.. (2009-2010). «Constitutional Dictatorship: Its Dangers and Its Design» Minnesota Law Review (web.archive.org) 514: 1789-1866. ISSN0026-5535. (kontsulta data: 2024-04-03).
  4. (Ingelesez) The Encyclopaedia Britannica, Or Dictionary of Arts, Sciences, and General Literature. Black 1842 (kontsulta data: 2024-04-03).
  5. ab (Gaztelaniaz)Petrucci, Aldo. (2007-12-01). «Reflexiones sobre las relaciones entre órganos en una constitución no escrita: el caso de la Roma republicana» Derecho PUCP (60): 171–196.  doi:10.18800/derechopucp.200701.006. ISSN2305-2546. (kontsulta data: 2024-04-03).
  6. ab (Ingelesez)Armstrong, Jeremy, ed. (2016). «The incorporation of the plebs (451–390)» War and Society in Early Rome: From Warlords to Generals (Cambridge University Press): 183–232.  doi:10.1017/cbo9781316145241.008. ISBN978-1-107-47455-0. (kontsulta data: 2024-04-03).
  7. ab (Gaztelaniaz)Villar Vidal, José Antonio. (1990). Historia de Roma desde su fundación. Madrid: Editorial Gredos ISBN978-8424914288. OCLC.29942507.
  8. Sagan & Druyan 1993, 187-188. orr. .
  9. Sagan & Druyan 1993, 196. orr. .
  10. Sagan & Druyan 1993, 207. orr. .
  11. (Gaztelaniaz)Guerrero, Julio Morales. (2016-08-02). «Las nociones de verdad y bueno en Nietzsche y sobre su idea de la mujer» Amauta 14 (27): 7–18.  doi:10.15648/am.27.2016.2. ISSN2500-7769. (kontsulta data: 2024-04-04).
  12. (Gaztelaniaz)Molina, Ignacio; Delgado, Santiago. (1998). Conceptos fundamentales de Ciencia Política. Madril: Alianza editorial ISBN978-8420686530. OCLC.40913446.
  13. (Gaztelaniaz)Silberstein, José Alejandro. (2020-09-25). Vínculos diabólicos: El lado oscuro de la condición humana. Ediciones Biebel ISBN978-9878362137. (kontsulta data: 2024-04-04).
  14. ab (Ingelesez)Linz, Juan José. (2000). Totalitarian and Authoritarian Regimes. Lynne Rienner Publishers ISBN978-1-55587-890-0. (kontsulta data: 2024-04-04).
  15. abcdeVallès 2007, 101-108. orr. .
  16. (Gaztelaniaz)Segal, Ariel. (2022). «Totalitarismo, dictadura y autoritarismo: definiciones y re-definiciones» Gobierno y Gestión Pública (web.archive.org) vol. 1, 1: 91-127.. ISSN0717-8980. (kontsulta data: 2024-04-04).
  17. (Ingelesez)Menze, Ernest A.. (1981). Totalitarianism reconsidered. New York: Kennikat Press ISBN978-0804692687. OCLC.6532762.
  18. (Gaztelaniaz)«Lo que unió a Hitler, Franco y Mussolini» AMC (web.archive.org) 2020-10-02 (kontsulta data: 2024-04-07).
  19. (Ingelesez)«Plundering politicians and bribing multinationals undermine economic development, says TI» Transparency International, Global Corruption Report 2004 (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-06).
  20. (Ingelesez)O'Reilly, Finbarr. (2007-10-08). «A Failure of Democracy in Nigeria» Time (web.archive.org) (kontsulta data: 2007-04-23).
  21. (Gaztelaniaz)Cobo Romero, Francisco. (2018). Las grandes dictaduras europeas del siglo XX: fascismos, totalitarismos y autoritarismos. Madril: Síntesis ISBN978-8491712039. OCLC.1047615191.
  22. (Gaztelaniaz)Bellini, Giuseppe. (2000). El tema de la dictadura en la narrativa del mundo hispánico: siglo XX. Erroma: Bulzoni ISBN978-8883194559. OCLC.263115939.
  23. (Ingelesez)Maira, Luis; Lechini de Alvarez, Gladys; Borón, Atilio. (2005). Politics and social movements in an hegemonic world: lessons from Africa, Asia, and Latin America. Buenos Aires: Clacso ISBN978-9871183197. OCLC.62256727.
  24. (Gaztelaniaz)«El golpe militar de Gustavo Rojas Pinilla» Comisión de la Verdad (web.archive.org) 2023-03-12 (kontsulta data: 2024-04-06).
  25. Vladimir Ilitx Ulianov. (2020). Estatua eta iraultza. (Itzulpena: Eneko Compains). Tafalla: Txalaparta ISBN978-8418252051. OCLC.1260194899.
  26. Marx, Karl; Engels, Friedrich. (2014). Manifestu komunista. Madril: Ikasle Sindikatua Federiko Engels Fundazioa ISBN978-8416285044. OCLC.907054741.
  27. (Ingelesez)«Coup d’etat | Definition, Examples, & Facts» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2024-02-13 (kontsulta data: 2024-04-06).
  28. (Gaztelaniaz)Cuervo Alvarez, Benedicto. (2015). «El ascenso de Hitler y del partido Nazi al poder en Alemania» Historia Digital vol. 15, n. 26: 56-120. ISSN1695-6214. OCLC.1364089443.
  29. (Gaztelaniaz)Cantelmi, Marcelo. (2020-05-07). «Corea del Norte y los Kim, la cruel y astuta dinastía del Monte Paektu» Observatorio de Política Internacional (Universidad de Palermo (web.archive.org)).
  30. (Ingelesez)«Chinese reformer Zhao Ziyang dies» BBC News (web.archive.org) 2005-01-17 (kontsulta data: 2024-04-06).
  31. (Gaztelaniaz)«Fraude Electoral: análisis forense Mexico 2006» Programa de Investigación en SocioFísica - Departamento de Sistemas Complejos (Universidad Nacional Autónoma de México (web.archive.org() 2006-11-03 (kontsulta data: 2024-04-06).
  32. (Gaztelaniaz)Valadés,, Diego. (1974). La dictadura constitucional en América Latina. UNAM, Dirección General de Publicaciones (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-06).
  33. (Gaztelaniaz)Martínez, Diego. (2009-09-06). «Aviones de la muerte» Página/12 (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-07).
  34. (Gaztelaniaz)«Otra víctima de los vuelos de la muerte» Clarín (web.archive.org) 2017-02-24 (kontsulta data: 2024-04-07).
  35. (Gaztelaniaz)«Los años del talión» El País (web.archive.org) 2015-07-20 (kontsulta data: 2024-04-07).
  36. «Felipe Gonzalezek GAL sortu zuen, CIAko agirien arabera» EiTB (web.archive.org) 2020-06-14 (kontsulta data: 2024-04-07).
  37. (Ingelesez)Sluka, Jeffrey A.. (2000). Death squad: the anthropology of state terror. Philadelphia: University of Pennsylvania Press ISBN978-0812200485. OCLC.607365840.
  38. (Gaztelaniaz)Khader, Bichara. (2008-2009). «Gaza: lo inaceptable, insostenible, imperdonable» Papeles (web.archive.org) 104: 129-135. (kontsulta data: 2024-04-07).
  39. (Gaztelaniaz)Muñoz, Pablo. (2018-06-05). «Los otros daños colaterales» Noticias de Navarra (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-07).
  40. (Gaztelaniaz)Giménez García, Joaquín. (1997). «Terrorismo y represión: presos políticos y presos comunes» Jueces para la democracia (30): 20-24. ISSN1133-0627. (kontsulta data: 2024-04-07).
  41. (Gaztelaniaz)Velázquez Villa, Hugo. «Memoria, violencia política y terrorismo de estado en México» repositorio.colmex.mx (kontsulta data: 2024-04-07).
  42. (Ingelesez)Maier, Charles S.. (2005-09). «Targeting the city: Debates and silences about the aerial bombing of World War II» International Review of the Red Cross 87 (859): 429–444.  doi:10.1017/S1816383100184322. ISSN1607-5889. (kontsulta data: 2024-04-07).
  43. (Ingelesez)Bellamy, Alex J.. (2012). Massacres and morality: mass atrocities in an age of civilian immunity. Oxford: Oxford University Press ISBN978-0199288427. OCLC.788287846.
  44. (Gaztelaniaz)Europa Press. (2012-01-14). «El Mossad se hizo pasar por la CIA para captar a terroristas para atentar en Irán» La Vanguardia (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-07).
  45. (Gaztelaniaz)«Vuelven los espías: el lado oscuro del Mossad, la CIA y el FSB ruso» Perfil (web.archive.org) 2015-01-31 (kontsulta data: 2024-04-07).
  46. (Gaztelaniaz)Utrilla Quintanar, Enrique. (2016). Funciones e instrumentos de inteligencia al servicio de los intereses de seguridad de Estados Unidos. Universidad Complutense de Madrid.
  47. (Ingelesez)Blakeley, Ruth. (2009-04-03). State Terrorism and Neoliberalism: The North in the South. London: Routledge  doi:10.4324/9780203876510. ISBN978-0203876510. (kontsulta data: 2024-04-07).
  48. (Gaztelaniaz)Lares Bassa, Rodrigo E.. (2013). «El Centro de Estudio Situacional de la Nación, la necesidad y la peligrosidad de limitar la información VLEX 701417713» Revista de Derecho Público de Venezuela (VLEX 701417713 (web.archive.org)) 134. zk. ISSN1317-2719. (kontsulta data: 2024-04-07).
  49. (Gaztelaniaz)AFP. (2010-06-04). «Gobierno venezolano crea centro para vigilar todo tipo de información» El Universo (web.archive.org) (kontsulta data: 2024-04-07).
  50. (Gaztelaniaz)Torre, Lidia de la; Téramo, María Teresa. (2015-10-13). «La calidad de la información periodística: estrategias para su observación. Coincidencias y divergencias entre los medios y el público» Estudios sobre el Mensaje Periodístico 21: 135-144.  doi:10.5209/rev_ESMP.2015.v21.50666. ISSN1988-2696. (kontsulta data: 2024-04-07).
  51. (Gaztelaniaz)Avellaneda, Andrés. (1986). Censura, autoritarismo y cultura: Argentina, 1960-1983. Buenos Aires: Centro Editor de América Latina ISBN978-9502514161. OCLC.15295493.
  52. (Gaztelaniaz)Serrano, Pascual. (2013). Desinformación: cómo los medios ocultan el mundo. Bartzelona: Península ISBN978-8499422527. OCLC.873984265.

Bibliografia

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Autoritate kontrola

"https://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Diktadura&oldid=10428996"(e)tik eskuratuta
Kategoriak:
Ezkutuko kategoriak:

[8]ページ先頭

©2009-2026 Movatter.jp