Movatterモバイル変換


[0]ホーム

URL:


Edukira joan
WikipediaEntziklopedia askea
Bilatu

Baskoi

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Talde etniko infotaulaBaskoi

Motatalde etniko historiko
Hizkuntzabaskoien hizkuntza etaAitzineuskara
EponimoaEuskal Herria etaGaskoinia
PeriodoK.a. III. mendea -
Geografia
JatorriaNafarroa Garaia,Gipuzkoa,Aragoi etaRioja
Hedapen mapa
Ondorengoa(k)euskaldun

Baskoiak[1] (latinez:vascones, wascones)erromatarren etorreraren aurretik hasita etaErdi Aroaren hasieraraino Pirinioen Mendebaldean bizi ziren jende multzo batentzat erabili zian den izena da. Erromatar garaian, gaur egungoNafarroa Garaian,Gipuzkoaren ipar-ekialdean,Errioxan etaAragoi iparraldean bizi ziren antzinakotribu (populu garaiko deskribapenetan) bat ziren.Antzinaro Berantiarrean eta Goi Erdi Arora arte, baskoi izena, Garonatik Pirinioetara bizi den jendeari ere aplikatzen zaio. Testuingu horretan sortu zenBaskoniako Dukerria. Gaur egungoeuskaldunen arbaso izan ziren tribuetako bat dela jotzen da. Erromatar inperioaren amaieraren ondoren, baskoiak oraindik idatzizko iturrietan agertzen dira IX. mendera arte.

Antzinaroko baskoien inguruko berriak, erromatar iturrietatik datozkigu batez ere, erromatarrek erabiltzen dutenetnonimoa delako. Hau da, pentsatzeko da konkista aurretik, baskoi ziren jende batzu bazeudela, ziur ez badakigun arren, europa mendebaldeko beste herri askorekin bezala. Burdin Aroko Baskoi haiek ez dira desagertzen konkistaren ondorioz, eta, hiri baskoien buruz hitz egiten denean, adibidez,Ptolomeok zerrendatu zituenak, erromatar administraziopean dauden hiri baskoiak dira.

Berez, ikerlari askorentzat, baskoiak, erromatarren sortutako kategoriatzat hartu behar da, hau da, haiek izena sortu ez bazuten ere, beraiek zehaztu edo mugatu zuten baskoiak kontzeptuan zer herri eta hiri sartu behar zirren.

Izena

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Txanpon zaharrenetanbascones izena beharrean,basrcunes agertzen da. Jose María Blazquez historialari espainiarrak honela dio:

Erroa barscunes forman bascunes forman baino garbiago egongo litzateke eta* bhars- izango litzateke, esanahi orokorreko indoeuropar dialekto askotan errepikatzen dena, "altu", "altu", "punta" eta "harro" deribatutik eratorria, zentzu hauetako edozein barscunes izenari egokitzen zaio. Euskal herritarra ez den elementu bat jatorriz barscunes tribu-izena izango lukeena da, gero euskaldunenera pasatuko litzatekeena; baskoien izenak euskal formarekin duen erlazioari buruzko dokumentaziorik ez da ezagutzen, eta agian, A. Tovarren arabera, azken horretan kutsadura bat izango litzateke lehenengoarekin,Auscioinarri batetik abiatuta. A. Tovarentzat zeltikoa da, zalantzarik gabe, Vascones izenaren lehen testigantza hori, eta hori ez da euskaldunen indoeuropeismoaren froga bat, hizkuntzaren izaeragatik kontraesanean baitago. Iberiar hizkietan barscunes idazkunekin txanponak egin zituen baskoien hiria, beharbada, gutxi gora-behera zeltizatutako euskaldunena izango zen, edo bere izena zeltiar bizilagunengandik jaso zuten euskaldunena.”[2]

Burdin Aroa

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Burdin Aroko umetxo baskoi baten gorpuzkiak aurkitu zituzten etxe baten barruan.

Ezin dugu mugatu baskoiak nortzuk zirenBurdin Aroan, baina posible da erromatarrek mugatutako eremuaren barneko hainbat argibide ematea.

Neolitoan nekazari eta abeltzainak iritsi zirenetik, lehenengotik gehiago izan zenEbro ibarrean, eta bigarrena haranean aurki bazitekeen ere, nabarmenagoa izan zen mendi inguruetan. Burdin Aroan gizartea gatazkatsuagoa zela pentsatzen dugu, herri gotortu ugari sortu baitziren. Horien adibide batIrulegiko herrixka da, baskoien lurraldearen erdigunean zegoena etaIrulegiko eskua eman duena,Baskoien hizkuntzan idatzi zena. Horrelako beste kastro ugari zeuden baskoien lurraldean, baina zaila da mugak ezartzea, inguruko barduliarren lurraldean ere bazirelako (ikusBurdin Aroa Gipuzkoan).

Bestetik, mendi inguruetan abeltzaintza, izan finkoa edotranshumantea praktikatzen zuten baskoiek. Burdin Aroko ehorzketa ohitura izan zen hildakoak erretzea etacromlechen erdian errautsak uztea,ostilamendu gutxirekin. Autore batzuek defendatu dute cromlech edo harrespil horien muga kulturala dela, eta baskoien eremua definitzeko erabil zitekeela. Ekialdean Pirinioetan zabaltzen zen,Andorra ingururaino. Mendebaldeko mugaLeitzaran ibaian kokatu da, baina azken urteotan aurkitu dira harrespilakEntzian zeinAralarren.

Erromatarren garaia

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Baskoien arrantzako sarearen kontrapisua.
Baskoien katilua.

Garai hari buruzko informazio ia guztia erromatarrengandik dator.Vascones izena bera erromatar idazleei zor diegu[oh 1].Akitaniar edokantabriarrek ez bezala, badirudi baskoiek beren estatusa Erromatar inperioarekin negoziatu zutela.Sertorioren gerran,Ponpeiok bere basea baskoien lurretan ezarri zuen, eta bere izenarekinPompaelo hiria sortu bide zen, lehendik existitzen zenIruñea baskoi herriaren gainean.

Izatez,baskoiak (vascones) ez zen euren buruak izendatzeko erabiltzen zuten izena.Exonimo bat davascones: kanpoko norbaitek jarritako izena. Idazle greziar eta latino klasikoek erabili zuten izen hori, etaSertorioren gerran (K.a. 83an ) agertzen dira baskoiak lehen aldiz testu batean[3]. Gerra haren kontakizuna egiterakoan, hamarkada batzuk geroago,Tito Livio (K.a. 59 - K.o. 17) historialariak aipatu zituen baskoiak lehen aldiz, "ager Vasconum" edo "vasconum agrum" idazten duenean[4][5], edo hori da, behintzat, ezagutzen den erreferentzia idatzi zaharrena. Geroago,Plinio Zaharrak etaEstrabonek aipatu zituzten baskoiak; eta Ptolomeok baskoien hamasei herri zerrendatu zituen Kristo ondorengo II. mendean.

Jose Luis Ramirez Sadabak dio hegoaldeko hiriak (Ebroren eskuinaldean,Calagurris,Gracchuris etaCascantum) eta ekialdekoak (Iacca,Segia edoAlavona), egungo Nafarroaren mugak gainditzen dituen "ustezko baskoien hedapena" sortu zutela. Hala ere, «hedapen» horrek ez du egiaztapen dokumentalik, eta, gainera, Calagurris, Segia eta Alavonako antroponimia eta toponimia ez baitira hizkuntza aldetik indoeuroparrak, iberiar edo akitaniarrak baizik.[3]

Baskoien lurralde, herri eta mugei buruzko erreferentziak, beraz, Erromak okupatu ostekoak dira. Arazoa da erromatarrak iritsi aurrekoari buruzko erreferentzia idatzirik ez dagoela.Jokin Lanzen hitzetan: «Lurralde horri erromatarrekbaskoien lurralde esaten zioten, baina lurraldea herrixka harresituen bidez antolatzen zen, eta ez dakigu zer erlazio zuten herrixka horiek haien artean; ez dakigu aliatuak ote ziren, hiriburu bat ote zuten...».

Javier Armendarizek uste du herri baten izenetik hartu zutelabaskoi hitza[6].

«Ebroren iparraldera zeuden herrientzat erabili zuten izen hori. Nondik atera zuten? Ez dakigu, baina, seguru asko, izango zen herri bat Barskunes izena zuena [baskoien txanpon batzuetan agertzen da izen hori], eta hori hartuko zuten taldea izendatzeko. Sumatuko zuten zeltiberiarrengandik diferenteak zirela»
Javier Armendariz
Baskoien lurraldea erromatar garaian, beren hiri nagusiekin. Ipar-ekialdean egungo mugak.

Gorago esan bezala,Klaudio Ptolomeok baskoiak deskribatzen ditu bereGeografia idazlanean[7], eta 16 hiri aipatzen ditu:Allauona,Andelos (Mendigorria),Bituris,Cascantum (Cascante),Curnonium,Calagurris (Calahorra),Eturissa (Aurizberri),Ercavica (ez da aurkitu zehaztasunez),Gracurris (gaur egungo Alfaro, Errioxako ekialdeko mugan),Iacca (gaur egungo Jaca, Aragoi aldean),Nemeturissa,Oiasso (Irun aldean),Pompaelo (Iruña),Muscaria,Segia etaTarraga.

Ebroko harana (Ager Vasconum) gehiago erromanizatu zen eta bertan aztarna gehiago eta ikusgarriagoak daude, eremu menditsuetan agertu izan direnak baino. Testu ugaritanSaltus Vasconum deitzen zaio etemu horri, baina benetansaltus hori lurralde definitua ote zen ezbaian jarri dutr Oiasso ikertu dutenek. Testuari erreparatuta,Aiako Harria izan liteke testu klasikoetako aipamena.

Izan ere, gaur egungo Gipuzkoan meategiak zituztenAiako Harrietan, eta meategi eskualde hura ustiatzen jarraitu da XX. mendera arte. Meategia ustiatzeko eta handik inperioko beste leku batzuetara minerala eramateko herri bat sortu zuten:Oiasso, alegia. Oiasso portu garrantzitsua izan zen, etaTarraco-Oiasso galtzadaren amaiera, Mediterraneoa eta Kantauri itsasoa lotzen zuena. Gipuzkoan zein Akitanian aurkitu dira beste erromatar aztarnategi batzuk, baina ez dakigu zein zen eskualdeko hirien arteko harremana.

III. mendeko krisialditik aurrera

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

III. mendeko krisialdiak eragin nabarmena izan zuenMendebaldeko Erromatar Inperioaren konfigurazioan. Tarte batezGalietako Inperioak Galia zein Hispania kontrolatu zituen, eta laster erori bazen ere,Dioklezianok aldaketa administratiboak egin zituen. Aldaketa horiek, zein krisi ekonomikoek, Oiassoren gainbehera ekarri zuten, bainaAb Asturica Burdigalam galtzadaren indartzea, Hispaniako hiriburuEmerita Augusta eta GalietakoTreveris lotzeko erabiltzen baitzen. Egoera horretan, bideen zaintza leial ziren komunitateen gain geratu zen,rustici izeneko unitateekin. Baskoiek bidearen zati nabarmena zaintzen zuten, batez ere Pirinioetako pasabide bakarra[8].

407anKonstantino III.ak altxamendua egin zuen Britanian eta laster konkistatu zituen Galia eta Hispania.Honorio enperadorearen jarraitzaileak garaitu ostean, Pirinioen babesa bere tropei eman zien, bertako biztanleak (hau da, baskoiak) haserretu zituen mugimendua, tradizioz eginkizun hori eurena baitzen[9]. Herri germaniarrak409an iritsi ziren eta Hispania zein Galia euren artean banatu zuten (sueboak,bandaloak etasilingiarrak Gallaecian,alanoak Lusitanian eta Cartaginensean, bandaloak Betican;418an Akitaniako eremuagodoen esku geratu zen, hiriburua Bordele etaTolosa Okzitanian). Baina baskoien eremua ez zuen inork ere banatu, eta oraindik Tarraconensisen parte izaten segitu zuen, Mendebaldeko Erromatar Inperio gero eta ahulago baten probintzia –hiriburuaRavena zen–[10].

Erdi Aroaren hasiera

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Bagaudak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdiaren testuinguruan, aldaketa politikoa etengabea zen. Baskoien lurraldea mugako bilakatu zen, eta oraindik ere Ravennarekin kontaktua zuten baskoi lurjabeek gero eta zailtasun handiagoa zuten euren botereari eusteko[8].Sueboen delegazio batek Bordelera bidaia egin zuen ezkontza baterako, eta bueltako bidean lurjabeei eraso zieten. Badirudi baskoirusticien laguntza izan zutela, bidean ez baitzuten arazorik izan. Urte horretan bertanHidazio historialariak gatazka baten berri ematen du, etarustici horieibagauda izena eman zien, mende bat lehenago Galian piztutako mugimendu bati erreferentzia. Bagauda horiek baskoien hegoaldekoTarazona eraso eta apezpikua hil zuten, eta ondoren Zaragoza eta Lleidari eraso egin zioten[8].

469. urtean Hidazio hil eta, geroztik, ez dago orduko gertaeren kontaketa garaikiderik. Harrezkero, baskoiek hiriari lotutako herritarrak izaten agertzeari utzi zioten eta, aldiz, mendietan dabilen herritzat jo zituzten germaniar herrietako kronikek. Baliteke baskoi lurjabeek ihes egitea, eta baskoirustici gerlarien esku uztea lurraldea, Iruñea eta Iruña-Veleia artean antolatzen zena, baina, batez ere, bidearen kontrolean[8].

VI. mendeaz geroztik, baskoiak ez ziren erromatarren garaiko Baskoniaren mugetan agertzen. Aldiz, askoz lurralde gehiago agertzen dira haien eremuan:Novempopulania, Pirinio inguru ia osoa eta Iruñeaz mendebaldera Kantabriaraino zeuden lurralde guztiak. Antzinatean aipatuak ziren egungo Euskal Herriko gainontzeko beste herriak, ordea, galdu egin ziren betiko:Hidazioren aipamenen ondoren ez da gehiago haien berririk dokumentuetan. Ondorioz, aro horretan jada ezinezkoa zen baskoien eta ustez euskaldunak ziren inguruko herriak (barduloak,karistioak,autrigoiak,tarbeliarrak,auskiak...) bereiztea, etabaskoiak besterik ez dira agertzen.

Bisigodoak Galian (eta berezikiNovenpopulanian) izan ziren bitartean, ez zuten baskoiekin ageriko liskarrik izan. Hala ere, nola Garonaz hegoaldeko lurraldean hala Ebro ingurukoTarraconensis lurraldeanbagaudeen altxamendu sozial larriak gertatu ziren, historialari askok baskoiei lotuta ikusten dituztenak. VI. mende amaieran errebolta giroa nagusitu zen Pirinioez bi aldeetan, eta baskoiak Akitania (beharbada Tolosa Okzitaniaz mendebaldera) erasotzen agertzen dira. Iberiar Penintsulan, berriz,Leovigildo baskoiei gailendu zitzaien borrokan, eta haien lurraldearen zati bat ("partem Vasconiae") menderatu zuen. Kroniketan esaten da garaipen horren ondorenVictoriacum gotorlekua sortu zuela. HomonimiagatikGasteizekin eta, gertutasunagatik,Iruña-Veleiarekin lotu da, baina ez dago froga arkeologikorik. Beste egile batzuek diote Victoriacum hori ez zegoela Euskal Herrian, etaMerida ere izan zitekeela[8].

Lehen erakundeak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Baskoien lehenengo lurralde-erakundea Franko Merobingioek sortu zutenBordele etaTolosa Okzitania artean Garona ibaia ardatz hartuta, baskoiak oinpean hobe izateko:Baskoniako dukerria, geroraGaskonia bihurtzekoa. Genial izan zuten lehenengo duketzat eta ondoren etorri ziren Merobingioen beste bi duke. 635ean baskoiak matxinatu egin zirenNovempopulanian, eta Arnebert dukea buru zuen garai hartako espedizio handiena bidali zuten Tolosatik haiek menderatzera. Baskoiek espedizioaren zutabe bat birrindu zuten Zuberoan, baina ordainetan baskoien une gozoak ez zuen luzaro iraun eta, gertaera horren ondoren, frankoek azpiratu egin zituzten.

Baskoniako Dukerria

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Artikulu nagusia: «Baskoniako Dukerria»
Dux Wasconum

VII. mende erdialdera,Baskoniako dukerria Pirinioez hegoaldera hedatu zela dirudi, baina ez du muga argirik.Bisigodoak baskoien kontra gudukatu ziren egungo Nafarroa Garaiaren erdialdean. Orduan,Oligitum (egungo Olite edo "Erriberri") sortu zuten bisigodoek baskoiak hiriratu eta oinpean izateko, alferrik baina. 711n Rodrigo errege bisigodoa Iruñean baskoien kontra borrokan zela,musulmandarren inbasioaren berri izan zuen eta Hispania hegoaldera abiatu zen. Bitartean, Pirinioez iparraldera baskoiak maiz agertzen dira akitaniarren indar militarretan Galia osotik, betiere Akitaniako Dukearen zerbitzutan. Baskoiak Akitaniako armadaren zutabe nagusi izatera heldu ziren VIII. mende ia osoan.

Nafarroa eta baskoiak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
Baskoniako Dukerria, Eudes Handiaren gidaritzapean (c. 710-740), Akitaniako Dukerriarekin lotura pertsonala zuenean. Iturria: Garikoitz Estornés Zubizarreta. Auñamendi entziklopedia.

Baskoiek jarrera praktikoa eta askotarikoa izan zutenmusulman etorri berriekin, eta haiekin itunak sinatu zituzten hainbat alditan: lehenengo aldiz,Iruñea bera716 aldera errenditu zenean. Hain zuzen, aliantza horiek profitatuz (TuterakoBanu Kasiak aliatu hartuta),824 urteanIruñeko Printzerria edo Erresuma sortu zuten Nafarroa aldeko baskoiek. Harrezkero, Pirinio mendebaldeaz hegoaldeko baskoiakfrankoetatik aske eta independente izan ziren. Pirinioez iparraldera, berriz, baskoiak frankoen mendeko geratu ziren beste 30 urtean, Dukerriaren barnean. Dukerrian geratutako baskoiek, baina, "baskoi" izena soilik atxiki zuten, mendeen poderioz "gaskoi" bihurtuta. Baskoiak beren euskalduntasuna galduz joan zirenIX. mendetikXI. mendera, eta erromantzea (gaskoia) nagusituz joan zen lurraldearen gehienean (Gaskoinian) bitarte horretan.

Oharrak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
  1. Antonio Tovarren ustez,vascon hitza historiografiaren aldaera da, pluralezkovascones singularrean jarri nahian, nahiz eta iturri klasikoetan,vascones hitzaren singularravasco den. Tovar, Antonio (1985) "Sobre las palabras «Vascones» y «Euskera»". Oihenart:cuadernos de lengua y literatura, 4, ISSN 1137-4454. 246-256 orr.

Erreferentziak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak., 3 or..
  2. Blázquez Martínez, José María. «Los vascos y sus vecinos en las fuentes literarias griegas y romanas de la Antigüedad» Alicante : Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, 2006: 2..
  3. ab (Gaztelaniaz)Ramirez Sádaba, José Luis. (2015). «Vascones por las tierras del Imperio romano» Príncipe de Viana (PV) 261: 373-384. ISSN0032-8472..
  4. (Gaztelaniaz)Sayas Abengoechea, Juan José. (2005). «Udalerria Antzinako Munduko Baskonian» Iura Vasconiae 2/2005: 9-44. ISSN1699-5376..
  5. (Gaztelaniaz)Pérex Agorreta, María Jesús. (2021). «Los vascones en las fuentes clásicas» in:, Andreu Pintado, Javier (arg.) y Larequi Fontaneda, Javier (arg),. Inter medium Vasconum pertransibunt aquae. . Vascones y termalismo en la Antigüedad hispana. Opera selecta de María Jesús Peréx Agorreta (UNED) ISBN9788436276817..
  6. Ansa, Mikel P.. (2023-01-03). «Aro bat itzaletan» Berria (kontsulta data: 2023-03-11).
  7. Ptolomeo, Klaudio: Geografia. 2. liburukia, 6.66.
  8. abcdePozo Flores, Mikel. (2016-11-08). Vasconia y los vascones de la crisis del Imperio romano a la llegada del Islam (siglos V-VIII). Evolución sociopolítica y génesis de la gens effera. (kontsulta data: 2025-04-13).
  9. Urteaga & Arce 2011, 172-173 orr. .
  10. Urteaga & Arce 2011, 174 orr. .

Bibliografia

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Idazlan batzuek Antzinaroko baskoiei buruzkoak dira eta beste batzuk Antzinate berantiarrekoei eta Goi Erdi Arokoei buruz. Bestalde, batzuek akademikoagoak dira eta beste batzuek dibulgazio lanak.

Ikus gainera

[aldatu |aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu |aldatu iturburu kodea]
  • "Vascones" in Bernardo Estornés Lasa (arg)Auñamendi Encyclopedia.
Autoritate kontrola

"https://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Baskoi&oldid=10495411"(e)tik eskuratuta
Kategoriak:
Ezkutuko kategoriak:

[8]ページ先頭

©2009-2026 Movatter.jp