Aritz Aduriz Zubeldia[1] (Donostia,Gipuzkoa,1981ekootsailaren 11) futbolari profesional ohia da, bereziki,Athletic Club futbol taldean aritu dena aurrelari moduan. Athleticeko historiako aurrelari eraginkorrenetako bat izan zen. Futbolarien artean ez da batere ohikoa, baina 30 urte betez geroztik haren jokoak gora egin zuen nabarmen.[2] 2017ko azaroak 15ean Athleticekin zeukan kontratua luzatu zuen, 2019ko ekainera arte.2020komaiatzaren 20an gorputzak ez zion gehiago ematen eta futbolari agur esan zion.[1]
Euskal Selekzioarekin hamabi partido jokatu zituen, eta hamabi gol lortu.Espainiako futbol selekzioarekin ere jokatu du, eta 35 urterekin (35 urte, 9 hilabete, egun 1), Espainiako selekzioarekin gola sartu duen jokalaririk helduena bihurtu zen.Jose Maria Peña Salegi getxoztarrak zuen aurreko marka, 1930ean lortua.[2]
Momentu honetan,RCD Mallorca taldearen kirol zuzendaritzan lan egiten du.[3]
DonostiakoUlia auzoan hasi eta hezi zen etaHerri Ametsa ikastolan ikasi zuen 14 urte bete zituen arte. 14 urte betetaAiete auzora joan zen bere gurasoekin. Eski monitore eta mendizale amorratuak ziren. Gazte-gaztetik hainbat kirol praktikatu zituen, eskia, tenisa, kayaka, snowboarda, surfa edo pala besteak beste. 9 urterekin Espainiako iraupen-eskiko txapeldunorde geratu zen. Halere, futbola eta gainerako kirolen artean aukeratu behar izan zuenean, futbola aukeratu zuen. Bere lehen pausuak Herrerako Sportingean izan ziren, 1994anAntiguoko K.E.-an jokatzen hasi zen arte, non haur, kadete eta gazte kategorietan aritu zen. Talde on bat osatu zuten, Xabi Alonso, Andoni Iraola, Mikel Arteta eta Mikel Alonso han zeudelarik. Errege Kopako finalerdietara iritsi ziren, non Real Madrilen kanporatuta gelditu ziren, etxean 4-2 irabazi ostean eta Madrilen itzuliko norgehiagokan 3-0 galdu ostean. Urte horretan golegile onena izan zen 33 golekin.
1999. urtean, Gasteizko Aurrera taldera joan zen, 2.B mailan aritzen zena (Athletic-ekin hitzarmena duena, Antiguokok bezala). Gasteiztarrekin jokatutako azken denboraldian 8 gol lortu zituen, non, 2 Bilbao Athletic-en aurka izan ziren.
Athleticek Aduriz fitxatu zuen 2000. urtean. Bilbao Athleticen egon zen 2000tik 2003ra, Bigarren B Mailan jokatzen. Lehen denboraldian 7 golekin golegile onena izan zen nahiz eta bigarren itzulira arte titularra ez izan. 2001-02 denboraldian, Carlos Terrazas entrenatzaile zelarik 35 partido jokatu zituen hasieratik 8 gol lortuz. Urte horretan Arriaga izan zen golegile onena 15ekin. Birritan deitu zuten lehen talderako nahiz eta behin-betiko deialdian ez sartu.
2002-03ko aurredenboraldia lehen taldearekin bete zuen, Jupp Heynckes-en agintepean. Irailaren 11n izan zen bere debut ofiziala Athletic Clubarekin Amurrioren aurkako kopako partidan. Ligan irailaren 14ean debutatu zuen, Bartzelonaren aurka, Santi Ezquerro aurrelari naparra 77. minutuan ordeztuz. Beste deialdi batzuetan sartzea lortu zuen nahiz eta bi partida gehiago bakarrik jolastu 23. eta 24. jardunaldietakoak hain zuzen. Denboraldi gehiena bigarren taldean bete zuen, Bigarren mailarako igoera-fasea jokatuz Ernesto Valverdek zuzentzen zuen taldearekin. Lesioak zirela eta 5 gol baino ez zituen lortu. Denboraldi amaieran Athleticek kontratu berriztapena eman nahi izan zion ondoren lagapena bilatzeko, baina Aritz Adurizek bigarren mailan jokatu nahi zuen eta lagapen bidez hori ez zen posible izango. Beraz taldea eta jokalaria ez ziren akordio batera heldu.
Azkenean Bigarren B mailako, Carlos Terrazasek zuzentzen zuen Burgos F.T.ra joan zen. Denboraldi bikaina burutu zuen, beti titularra izanez eta 16 gol sartuz.
2004-05 denboraldian Bigarren mailara salto egitea lortu zuen Real Valladoliden eskutik. Lehen 3 partidetan 6 gol sartu zituen, Alavesen aurkako hat-tricka barne. 2005eko urtarrilaren 25ean Kopako final laurdenetan San Mamesen lehen gola lortu zuen, Athleticen aurka baina. Bi hilabeteko lesio batekin bukatu zuen denboraldia, 14 golekin, bere taldeko erregistro onena, 12 lehen itzulian.
Hurrengo denboraldian hasiera ona burutu zuenez, Athleticek berriz fitxatu zuen, 3 milioiren ordez, jaitsiera postuetatik irteteko beharrean.
Real Madrilen aurka 0-1 galdutako norgehiagoka batean birdebutatu zuen. Bere lehen golak errealaren kontrako derbian izan ziren urtarrilaren 22an 3-3 bukatu zen norgehiagokan. San Mamesen lehen gola, otsailaren 26an heldu zen Vilarrealen kontrako banakako berdinketan. Javier Clementeren agintepean taldeak lehen mailan geratzea lortu zuen eta nahiz eta azken jardunaldiak lesioagatik galdu, taldeko golegile onena izan zen 6 golekin, Urzaiz, Llorente eta Joseba Etxeberria bezalako jokalarien aurretik.
2006-07 denboraldian golegile onena izan zen berriz ere, 8 golekin. Erabakigarria izan zen. Azken jardunaldian, Levanteren aurkako 2-0ekoan, Serranok bere atean sartzea eragin zuen, lehen mailako postua ziurtatuz.
2007-08 denboraldia titular moduan hasi zuen, baina denborarekin Fernando Llorentek hartu zion lekua. 9 gol lortu ostean, taldeak, Macua presidente zelarik, RCD Mallorkaren eskaintza onartzea erabaki zuen eta ez taldekideek, ez zalegoak, ez berak ere, ez zuten bere salmenta begi onekin ikusi. Horretaz gain nahiko polemikoa izan zen operazio hori, 2017ra arte ez zuelako dirua jaso Athletic Clubak.[4]
2008an Güiza aurrelariaren hutsunea betetzera heldu zen Aritz eta nahiz eta erregistro berdinetara ez zen heldu, 11 gol sartu zituen Gregorio Manzanok zuzentzen zuen taldearentzat. Bere bigarren denboraldia (2009-10) hobea izan zen. Taldea Champions League postuetatik hurbil ibili zen baina azkenean Europa Leaguerako txartela lortu zuen 5. postuan geratu baitziren. 13 gol lortu zituen Aritzek. Hala ere, Mallorcak ezin izan zuen txapelketa jokatu UEFAk administrazio arazoengatik kanporatu egin zuelako, Vilarrealek 7. sailkatu moduan euren lekua hartu zuen.[5]
2010-11 denboraldian Valentziak bere fitxaketa burutu zuen, 4 milioi euroren ordez. 2013ra arteko kontratua sinatu zuen. Lehen denboraldian 14 gol sartu eta Champions Leaguean debutatu zuen Bursaspor taldearen aurka gol bat sartuz. Titularra izan zen maiz, Roberto Soldado aurrelariarekin bat.
2011-12 denboraldia ez zen hain oparoa izan Aritz Adurizentzat. Roberto Soldado eta Jonasen momentu onak zirela eta, aulkitik baino ez zuen lagundu taldea. Champions Leagueko 4 partida jokatu zituen gol bat sartuz eta Europa Leaguean nahiz eta golik ez sartu finalerdietara iritsi zen, Athleticek finala jokatu zuen urtean.
2012an, 31 urterekin Athletic-era bueltatu zen, hirugarren aldiz.Athleticek 2,5 milioi euro ordaindu eta hiru denboralditarako sinatu zuen donostiarra. Athleticen denboraldia nahiko aldapatsua izan zen eta azken jardunaldietan ziurtatu zuten lehenengo mailan geratzea. 18 gol sartu zituen guztira. Denboraldi horretan,Marcelo BielsakFernando Llorenteren aurretik titulartasuna eman zion, Nafarrak kluba eta zalegoarekin zituen arazoak zirela eta.
2013-2014ean,Ernesto Valverde entrenatzailearekin, 16 gol sartu zituen eta horietako 2 kopan. Denboraldi honetan Athleticek 4. postua lortu zuen 70 punturekin, 16 urteren ostean Champions Leaguerako sailkapena lortuz.
2014-15 denboraldia Napoliren aurkako Champions League sailkapen faseko kanporaketarekin hasi zen. Aritz Adurizek 2 gol lortu zituen eta Athleticek talde-faserako sailkapena lortu zuen. Bertan Bate Borisov, Shaktar Donetsk eta Porto taldeen aurka aritu ziren 3. postua lortuz. Horrek Europa Leaguera jaistea eragin zuen Torinoren aurkako final-hamaseirenetan kanpoan geldituz. Taldeak kopako finalera heltzea lortu zuen Bartzelonaren aurka 3-1 galduz. 26 golekin bukatu zuen Aritzek denboraldia, horietako 18 ligan, Zarra garaikurra lortuz.
2015-16 denboraldia Espainiako Superkopa historikoarekin hasi zen. Bartzelonak liga eta kopa irabazi ostean, kopako txapeldunorde bezala, Athleticek parte hartu zuen txapelketan. Joaneko partidan 4-0 garaitu zuen Athleticek Bartzelonako taldea. Aritzek 3 gol sartu zituen San Mameseko norgehiagokan. Itzulian Aritzen gol batekin banakako berdinketa lortu zuten bilbotarrek, 2015eko superkopako garaile bihurtuz. Ospetsuak izan ziren ospakizunean bota zituen hitzak. "Talde honek historian sartzea merezi zuen. Badakizue zergatik? Zuek bezalakoak garelako, kuadrilla bat garelako, munduaren kontra leihatzen garelako, ezberdinak garelako".[6]
Oro har, denboraldi bikaina izan zen. Europa Leaguean final-laurdenetara heltzea lortu eta Sevillaren aurka kanporaketa berdindu ostean, penaltietan galdu zuten. Ligan 5. postua lortu zuen taldeak, Carlos Gurpeguiren erretiroa zen urtean. Zarra garaikurra lortu zuen berriz ere, 20 gol sartu baitzituen. UEFAn baita golegile onena izan zen 10 golekin, horien artean Olympique Marseillearen aurka lortutakoa. 35 metrotik Mandanda atezainari sartu zion bolea hura. Denboraldi borobila burutu zuen eta horrek 2016ko Eurokoparako deialdian sartzea lagundu zuen. Selekzio batekin jokatu zuen lehen trofeo ofiziala izan zen hura.
2016-17 denboraldian hainbat marka hautsi zituen Aritz Adurizek. UEFAko partida batean 5 gol sartu zituen Genk-en kontrako 5-3ko garaipenean. Europa Leaguen 5 gol sartzen lehena izan zen eta edozein europar leihaketetan 5 gol sartzen zaharrena. Apirilaren 1ean Athleticekin ligako 100. gola lortu zuen Osasunaren aurkako 1-2ko garaipenean eta hiru egun geroago Espanyolen aurka 2 gol sartu zituen, Lehen mailako historian gol gehien sartu dituen gipuzkarra bihurtuz 142 golekin.
2017-18 denboraldia ez zen hain ona izan Kuko Zigandaren agintepean. Hala ere, azaroaren 2an UEFA Europa Leagueko bigarren golegile historikoa bihurtu zen Radamel Falcaoren atzetik. 2017ko abenduaren 10ean Athleticen gola sartzen zuen jokalari beteranoena bihurtu zen, Piru Gainza aurreratuz. 2018ko urtarrilaren 25ean 30 urtetik aurrerako 100. gola lortu zuen, Puskas eta Di Stefanok soilik lortu dute hori Aritz Adurizekin batera. Alaveseri gola sartuz, 35 talde ezberdineri gola egin zizkien, Messi eta Raul aurrelariek bakarrik zuten marka berdinduz. Denboraldiaren bukaeran Europa Leagueko golegile onena izan zen bigarren aldiz, 8 golekin, 30 guztira.
2006ko urriaren 8an egin zuen debuta bere nazioaren selekzioarekin Catalunyako Selekzioaren kontrako norgehiagokan. Partidako lehen gola egin zuen 19. minutuan eta bina bukatu zen partida. Guztira lau gol egin dizkio Catalunyako selekzioari.
Guztira 12 gol sartu ditu jokatu dituen 12 partidetan. Euskal selekzioko golegile nagusia izanik (Selekzioaren 1979ko birsorpenetik kontatuta soilik).
↑AbizenaAduriz idaztea, euskal herritar horren aukera pertsonala da. Izan ere, Euskaltzaindiak, euskara baturako,Aduritz onartu du deitura horren grafiatzat. IkusEuskal Onomastikaren Datutegia.