Erdialdeko Alemaniako mendiguneakSarre etaTuringia osoak,Hessengo etaRenania-Palatinatuko iparraldea, Ipar Renania-Westfaliako, Saxonia Behereko eta Saxonia-Anhalteko hegoaldea, eta Saxoniako mendebaldea hartzen ditu. Garaiera apaleko mendiguneak dira, gutxitan 1.100 metrotik gorakoak. Mendebaldetik ekialdera, hauek dira garrantzitsuenak:[3]
Hegoaldeko Alemania. Erdialdeko mendiguneen eta alpeen oinaldearen artean hedatua,Baden-Württembergen gehiena, iparraldekoBaviera, eta Hessengo eta Renania-Palatinatuko zati batzuk hartzen ditu.Main ibaiak,Rhinen adarrik garrantzitsuenetako batek, zeharkatzen du iparraldea;Oihan Beltza (Feldberg, 1.493 metro),Odenwald etaSpessart daude mendebaldean; hegoaldean, berriz, 400 kilometro luzeko arkua eratzen duteSuabiako etaFrankoniako Jura mendilerroek. Mendiguneak eta haranak tartekaturik daude eskualde honetan. Ibarrak eta, batez ere, Rhin-Main ordokiak, oso egokiak dira nekazaritzarako. Ordoki horren erdian dagoFrankfurt am Main, Alemaniako finantza hiriburua.[3]
Alpeen oinaldeak Bavieraren gehiena eta Baden-Württembergen zati handi bat hartzen ditu. Hiruki formakoa, 400 kilometro luze da, mendebaldetik ekialdera, eta 150 kilometro zabal, iparraldetik hegoaldera.Konstantzako aintzira etaAlpeak ditu hegoaldean,Suabiako Jura etaFrankoniako Jura iparraldean, etaBavariako oihana ekialdean. Iparraldean du garaierarik txikiena,Danubioren bazterrean (400 metro inguru), eta iparraldean handiena, Alpeen magalean (750 metro). Landa eremua da,Munich,Augsburg,Ingolstadt etaUlm hiriak izan ezik.[3]
Alemaniako Alpeek zerrenda mehar bat hartzen dute herrialdearen hegoaldean,Suitzako etaAustriako mugetan, Konstantzako aintziratikSalzburgoraino. Mendebaldean, Konstantzako aintziratikLech ibairaino, Allgäuko Alpeak daude. Lech etaInn ibaien artean hedatzen diren Bavierako Alpeetan dagoZugspitze (2.962 metro), Alemaniako mendirik garaiena. Azkenik, Inn ibaitik ekialdera etaBerchtesgaden inguratuz, Salzburgoko Alpeak daude.[3]
Ipar itsasoaren arroa da handiena. Ibai garrantzisuenak,Rhin,Ems,Weser etaElba, hego-ekialdetik ipar-mendebalderantz doaz. Rhin ibaia da denetan handiena;SuitzakoAlpeetan sortua,Konstantzako aintzirara isurtzen da. Aintziraren mendebaldeko bazterrean du hasiera ibilguaren bigarren zatiak (800 kilometro); Suitza eta Alemaniaren arteko muga egiten du lehenik, etaFrantzia eta Alemaniaren artekoa aurrerago. Herrialdearen mendebaldea zeharkatu ostean,Herbehereetan barneratzen da.Neckar,Main etaMosela ditu ibaiadar nagusiak.
Alemaniako klima epela da,ozeanikoa ipar-mendebaldean etakontinentala ekialdean eta hego-ekialdean. Eskualderik epelena mendebaldekoa da, Frantziako mugaren eta Oihan Belzaren artekoa,Karlsruhetik Suitzako mugaraino (urteko batez bestekoa: 11,4 °C). Mendirik garaienak alde batera utzirik, hego-ekialdea da eremurik hotzena,Dresden etaGörlitzen ingurukoa bereziki (urteko batez bestekoa: 8,8 °C).[4] Iparraldeko eskualdeetan, berriz, mendebaldeko haize hezeak dira nagusi, eta tenperatura leuntzen dute (Hanburgoko urteko batez bestekoa 9,5 °C).[5][4]
Prezipitazioa handiagoa da mendebaldean ekialdean baino. Urteko prezipitazioa 500-750 mm bitartekoa da Iparraldeko Alemaniako ordokian; 750-1.500 mm bitartekoa Erdialdeko Alemaniako mendiguneetan; eta 2.000 mm-tik gorakoa Alpeetan.[5]
Muga aldakorrek, hizkuntzak baizik lotzen ez zituen herrien batasun ahulak eta enperadorea aldian aldiko aukeratu beharrak ezin sendo zezaketen hasieratik gobernu bikoitza,aita santuarena eta enperadorearena, eskaini nahi izan zuen inperioa. Saxoniarren ondoren,saliar dinastiak (1024-1137) etaHohenstaufenenak (1137-1254)Mediterraneo aldeko Italiari begira zegoen inperio batu, aginpide bikoitz eta nagusi horren aldeko asmo bizia agertu zuten, baina Inperioaren eta feudoen arteko gatazka etengabeak zirela-eta, Inperioaren eta aitasantutzaren arteko gatazkak biziagotu ziren, azken honen interesak inperioarenak berberak ez izaki askotan. Eslaviarren, Hungariaren eta Italiaren aurkako garaipenak ekarritako orekak sortu zuen aurrerapen eta sendotze garaiaren ondoren,Inbestiduren auzia piztu zen (XI-XII. mendeak).
Henrike IV.aren etaHenrike V.aren inperioak izugarri ahuldu ziren:jaun feudal handien aurkako dinamikan, Inperioari atxikiz aginpide berri batez hornitu zen feudalitate txikia eta eliz jendea enperadorearengandik urrundu ziren. Beste hainbeste gertatu zenGuelfo eta Gibelinoen arteko gatazkan (XII-XIII. mendeak):Konrado III.a enperadoreak, gibelinoa (Hohenstaufen) eta inperio unibertsalaren aldekoa baitzen, germaniarrak ekialdera eta iparraldera heda zitezen ziotenen aurka jokatu zuen.Frederiko BizargorriHenrike Lehoiari nagusitu zitzaion baina, hura hil ondoan, berriz ere piztu zen gerra.Frederiko II.ak aurkariak garaitu zituen arren, germaniarren arazoei buruz behar adinako axolarik ez zuela-eta, betiko hautsi ziren Alemaniaren eta Italiaren arteko inperio harremanak.
Hohenstaufen etxeak behera egin orduko, nork bere aldetik jo zuen garaia etorri zen: Interregno Handia (1250-1308). Etxe handien arteko lehiak sorrarazi zuen gerranHabsburgo dinastia nagusitu zen, etaRodolfo I.ak hartu zuen koroa. Zatiketa sakonagotu eta kanpoaldetik zetozen erasoen arriskua areagotu ziren hartan, hiriak garatuz eta beren buruaren jabe eginez joan ziren, ekonomia eta merkataritzaren hazkundeak bultzaturik (Hansa), etaXV. mendean erabateko zabalpena erdietsi zuten Alemaniako zibilizazioak eta arteak.
Luxenburgoko dinastiarekin (1308-1437), Inperioa Erromako eraginetik kanpo gelditu zen erabat (Urrezko Bulda,1356), eta inperio unibertsalaren asmoa alde batera geratu.Erdi Aroaren bukaeran sortu zen Germaniako Erromatar Inperio Santua esapidea, aldaketa hori adierazteko hain zuzen. Enperadorea bere aginpideaz baizik ez zen baliatu gobernatu ahal izateko, eta aginte ekonomiko horrek berak atxiki zituen maila gorenean habsburgotarrak1438tik (Alberto I.aren hautapena)1806 arte. Hutsean geratu zirenMaximiliano I.ak Inperioa batzeko eta zentralizatzeko1508-1519 bitartean egin zituen ahaleginak.
1648an sinatutakoWestfaliako Bakeak 350 estatutan banatu zuen Alemania, nahiz zortzi (geroago bederatzi) baizik ez ziren hautesle. Luzaroan Europako beste potentzien mendeko jostailu izan zen, etaXVIII. mendearen hasiera arte ez zuen eskuratu Alemaniak XV. eta XVI. mendeetan erdietsi zuen aginpide maila. Frantziaren esku-hartzea agerikoa izan zenXVII. mendean (Rhineko Liga,1658), eta zapalketa itxura hartu zuen,Luis XIV.aren erregealdiko anexio eta kanpainak zirela-eta,Palatinatuaren suntsipena eragin zutenak. Ondorio zuzena izan zuten:Brandenburgoko hautesleak hartu zuen agintea.
1701. urtean,Frederiko Brandenburgoko hautesleak,Prusiako errege bihurturik, mende osoan nagusi izan zen Prusiaren botereari ireki zizkion ateak. Austria, Italia etaBalkanetako lurraldeak Alemaniatik gero eta bereiziago ageri ziren bitartean, Prusia protestanteak Rhin aldera jo zuen. BainaAustriako Ondorengotza Gerraren (1740-1748) etaZazpi Urteko Gerraren (1756-1763) ondorioz, eta haien aurreko erreakzio gisa,despotismo ilustratuak etaArgien Garaiko kultura distiratsu eta kosmopolitak leku hartu zuten mendearen bukaerako Alemanian, eta literatura mundua bereziki hunkitu zuen kontzientzia nazionala berpiztu (Sturm und Drang).
Frantziako Iraultzak etaNapoleonen hasierako garaipenek (Austerlitzeko Gudua) desagerrarazi zuten Germaniako Erromatar Inperio Santua: Napoleonek '"bere babespean" hartu zuenRhineko Konfederazioa, hamasei estatuk osatua;Frantzisko I.a Austriakoa Frantzisko II.a enperadore bihurtu zen eta, Jenako eta Auerstedteko guduak galdu ondoren, Frantziaren interesen mende geratu zen, gogoz kontra bazen ere. Horrenbestean, Prusian sortu zen sentimendu antifrantsesak, geroago Konfederaziora ere zabaldu zenak, gainerako alemaniarren aurreko nagusitasuna ekarri zien prusiarrei.
1815ekoVienako Batzarrean 39 estatu alemaniar biltzen zituenGermaniar Konfederazioa sortu zen, Austria buru eta Prusia buruorde izendaturik. Bi estatu horiek ezkertiarren matxinadei eusteko aliatu gisa elkartu baziren ere, prusiarrek, Alemaniako garapen ekonomikoa bultzatu zutelarik, Austria Konfederaziotik gero eta baztertuago egon zedin lortu zuten.1848. urtean,Paris eta Vienako altxamenduen ondoren, Berlinen bultzatu nahi izan zen matxinadak porrot egiteaz gainera, areagotu zituen alemaniarren sentimendu anti-austriarrak eta Alemaniaren batasunaren aldekoak.
Armada eta ekonomia modernoen jabe,Gilen I.a erregeak etaOtto von Bismarck lehen ministro eskuindarrak eskumenean zituzten Alemaniaren batasunerako betebehar guztiak. Austria, bestalde, modernizatu gabe zegoen.1866koSadowako guduanFrantzisko Josef Austriako enperadorea menderatu ostean,Main ibaiaren iparraldeko estatuak bildu zituen beregana Prusiako erregeak, eta Ipar Alemaniako Konfederazioa sortu. Ipar eta hegoaldeko estatuen arteko batasuna gauzatu beharra zegoen: Bismarckek bultzaturik, estatu guztiak batu zirenFrantziaren aurkako gerran (1870-1871).
1870eko irailekoSedango garaipenaren ondoren,Alemaniaren bateratzea saihetsezina izan zen. 1871ko urtarrilaren 18an, Gilen I.a Alemaniako enperadore koroatua izan zen. Haren agintaldian, sozialisten etaAlsazia-Lorrenako talde batzuen aldetik aurkako jarrera izan zuen arren, Alemaniaren ahalmen ekonomiko, demografiko eta kolonial gero eta handiagoak ideologia pangermanistaren zabalkuntza bizkortu zuen. Handinahi giro horren aurrean, Europako gainerako herriak bakartzen saiatu ziren.
Gilen II.ak erregetza utzi etaerrepublika aldarrikatu zuen, 1918ko azaroaren 9an. Sozialista moderatuak nagusi ziren biltzar konstituziogileakFriedrich Ebert hautatu zuen errepublikako presidente, eta konstituzio berria ezarri 1919ko urtarrilean,Altxamendu Espartakista birrindu ondoren. Erregimen berriak, ordea, ezin aurre egin zien gerraondoak ekarritako arazo larriei: gerra zela kausa, alemaniarrek ordainetan eman behar izan zituzten indemnizazioek sorrarazirikoinflazioa, langile asaldatzea eta eskuin muturreko mugimendu nazionalisten hazkundea.1923tik aurrera, Dawes planari jarraituz, indemnizazioak ordaintzeko bideratu ziren laguntzei esker, egoerak neurri batean onera egin bazuen ere, ezin gainditu izan zuen1929ko kraxaren ostekokrisi ekonomikoa, eta lanik eza guztiz zabaldu zen herrialdean.
Langabezia eta miseria giro hartan, eskuin muturrekoAlderdi Nazionalsozialistak gora egin, eta 1933ko urtarrilean aginpidea hartu zuenAdolf Hitlerrek, hauteskundeetan nagusi atera ondoan (bozen % 37,3).Nazien diktaduraren makina abiarazia zen: oposizioa gupidagabe suntsitu ondoren, jaun eta jabe bihurtu ziren,Gestapo polizia politikoan oinarriturik: naziek berek eragindakoReichstageko sutearen ondoan, komunistak eta sozialistak garbitu zituzten;juduen aurkako esetsaldia izugarri areagotu zen; eta, azkenik, Alderdi Nazionalsozialista barneko oposizioa deuseztu zutenLabana Luzeen Gauean (1934ko ekainak 30).
Guda osoan zehar, gutxiengoak sistematikoki esetsi zituen Alemaniako gobernuak, eta Europa osokokontzentrazio etasarraski-esparrutan sartu. Denera, 17 milioi lagun hilarazi zituzten, 6 milioijudu, 130.000ijito, ahalmen urriko 275.000 pertsona, milakaJehovaren lekuko, milakahomosexual, eta ehunka mila aurkari politiko eta erlijioso barne.[8] Okupatutako herrialdeetan, 2,7 milioipoloniar, 1,3 milioiukrainiar, milioi batbielorrusiar, eta 3,5 milioi gerrako presosobietarren heriotza eragin zuten nazien politikek. Alemaniar galerei dagokienez, 5,3 milioi soldadu eta 900.000 zibil hil ziren gerran. Gerra ostean,Ekialdeko Europako 12 milioi alemaniar egotziak izan ziren beren herrialdeetatik; horietako ehunka mila hil ziren.[9]
Gerra ostean, deuseztatua eta lur joa, Alemania lau eskualdetan banatu zutenAEB,Frantzia,Britainia Handia etaSobietar Batasunaren artean;Pomerania etaSilesia, garrantzi handiko lurraldeak, galdu zituen.Aliatuek buruzagi naziak epaitzeko (Nurembergeko epaiketak) eta nazien ideologiaren arrastoen ezabapenari ekiteko elkarrekin jardun bazuten ere, ez zuten adostasunik lortu eskualde bakoitzeko orientabide politikoa zehazterakoan eta, Mendebaldeko potentziek erabaki zuten diruaren erreformari erantzunez, sobietarrek Berlin itxi zuten1948ko ekainean. Urtebete geroago, mendebaldeankonstituzio berria onartu ondoren,Alemaniako Errepublika Federala (AEF) eratu zen, britainiarren, estatubatuarren eta frantziarren okupazio eremuak elkartuz. Ekialdeko zatian, sobietarren okupazio eremuan,Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) osatu zen.
Nork bere sistema politiko-ekonomikoaren erakusgarri, Alemaniako bi aldeak bereiz abiatu ziren, ibilbide paraleloan,1949tik aurrera. Sobietar Batasunaren gidaritza politiko eta ekonomikoari hertsiki lotua, Alemaniako Errepublika Demokratikoaksozializazioari ekin zion ekonomia mailan (nekazaritzaren erreforma, industrien nazionalizazioa eta bost urteko planak), alderdi bakarreko sistema politikoa ezarriz (Alemaniako Alderdi Sozialista Batua). Alemaniako Errepublika Federalak, ordea,estatu kapitalisten sistema politiko-ekonomikoari lotu eta, merkatu libreko ekonomia eta alderdi anitzeko sistema politikoa oinarri hartuz, Mendebaldeko potentzien garapen politikari ekin zion.
Bi Alemanien arteko liskarrak areagotu egin ziren, munduko bi potentzia nagusien artekoGerra Hotzaren erdian,1961ean Errepublika Demokratikoak, ekialdeko biztanleen ihesa galaraztearren,Berlingo harresia eraiki eta muga osoa ixtea erabaki zuenean. Bi Alemanien arteko harremanak hainbat urtez hutsean egon ondoan,1972an bi aldeek burujabetasuna onartu zioten elkarri, nazioartean eta bere esparru politikotik kanpora, zituzten arazoak gaindituz.
1989koazaroaren 9an, Sobietar Batasunean abiarazirikoPerestroikaren eraginez eta herri agerraldi handien ondoren, Berlingo harresia eraitsi eta bi Alemanien arteko mugak ezereztu ziren. Bi egun geroago, Errepublika Demokratikoko gobernuak dimititu behar izan zuen, eta biharamunean osatu zen gobernu berriak hauteskunde libreetarako deia egin zuen.1990eko martxoaren 18an Errepublika Demokratikoan egindako hauteskundeetan kristau demokratak nagusitu ziren, eta birbateratzearen aldeko pausoak bizkortu egin ziren haien garaipenari esker. Gobernu berriak,Helmut Kohl Mendebaldeko Alemianako kantzilerrarekin harreman estuetan, bateratze prozesua izugarri bizkortu zuen, eta 1990eko urriaren 3an izan zenbateratze ofiziala. Garai bateko aliatuek Alemania berriz bateratuari beregaintasuna itzultzea erabaki zuten, etaOder-Neisse mugaren ezin ukitua bermatzea.
1991ko ekainaren 20an, bozketa estu batean, Alemania batuaren hiriburua Berlin izanen zela deliberatu zuenBundestag-ek;[10] erabakia 1994ko apirilean sartu zen indarrean.1992ko otsailaren 7an,Europako Batasun Hitzarmena sinatu zuen Alemaniak, Europako Komunitateko beste 11 estatuekin batera.[11] 1994ko maiatzean,Roman Herzog aukeratu zuten Errepublikako presidente, eta Helmut Kohl, urriko hauteskundeetako irabazlea, laugarren aldiz izendatu zuten kantziler.
1998ko hauteskundeetan,Gerhard Schrödersozialdemokrata nagusitu zitzaion Helmut Kohli, botoen % 40,9 lortuta. Izan ere, Helmut Kohlen politikagintza, bateratzearen kostu ekonomiko, politiko eta afektiboaren arabera epaitu zen: bateratzeak langabeziaren gorakada ekarri zuen, hautesleek hobetsiriko gizarte eredua auzitan jartzea, eta hiritar asko "bigarren mailako" sentitzea. Ekonomiaren goraldi orokorraren laguntzaz, SPD-Berdeak aliantzak,Bundestag-eko gehiengoa lorturik, Europar Batasunaren gidaritza hartu zuen; Batasunaren Ekialderako hedapena bultzatu zuen (2001ekoNizako Ituna), eta baitaNekazaritza Politika Bateratuari buruzko hitzarmen bat ere, etaRomano Prodi eraman zuenEuropako Batzordearen lehendakaritzara.2003an,Irakeko Gerraren aurkako jarrera irmoa agertu zuen.[12]
Alemaniako sistema politikoak1949ko konstituzioa,Grundgesetzen, du oinarri. Errepublika demokratikoa, federala eta parlamentarioa da. EstatuburuaBundespräsident-a, presidente federala, da, baina ordezkatze eta zeremonia zereginak besterik ez dauka. Gobernuburua, berriz,Bundeskanzler edo Kantziler Federala da.
Parlamentuak bi ganbera ditu:Bundestag (Biltzar Federala) etaBundesrat (Kontseilu Federala).Bundestag-a lau urtean behin hautatzen da, ordezkaritza zuzena eta proportzionala bateratzen dituen sistema korapilatsu baten bidez.Bundesrat-en hamaseiestatu federatuek dute ordezkaritza dute; ganbera honek, gaiaren arabera,Bundestag-ek baino garrantzi handiagoa izan dezake.
16 estatuk (alemanez:Länder edoBundesländer) osatzen dute Alemania.[14] Estatu bakoitzak bere konstituzioa dauka,[15] eta autonomia zabala barne-antolakuntzan.2017an herrialdea 401 barrutitan (Kreise) banaturik zegoen; 294landa barrutiak ziren (Landkreise) eta 107hiri barrutiak (Kreisfreie Städte /Stadtkreise).
Alemaniako Armada edoBundeswehr bost ataletan banaturik dago: Lurreko Armada (Heer), Itsasokoa (Bundesmarine), Airekoa (Luftwaffe), Medikuntza Zerbitzu Zentralak eta ororen zerbitzuan aritzen diren komando taldeak. Bake garaian, Defentsa ministroak eta Kantzeler Federalak zuzentzen duteBundeswehr-a. Guda garaian, ordea, kantzelerrari berari dagokio agintea.
2020ko uztailean, Alemaniako Armadak 185.198 soldadu eta 79.821 zibil zituen.[17] 2011 arte, bederatzi hilabeteko soldadutza derrigorrezkoa zen 18 urteko gizonezkoentzat, baina egun borondatezkoa da.[18] GobernuakBPGaren % 1,2 inguru xahutzen du armadan. Alemaniako industria militarrakgerra-gurdiak, ibilgailu korazatuak, artilleria,itsaspekoak eta guda-ontziak egiten ditu. Arma gehienakBundeswehr-rek berak edoNATOko aliatuek erabiltzen dituzte.
2016 amaieran 83,1 milioi biztanle zituen,[2] hau da, 232 biztanle kilometro koadroko. Biztanleriaren aldaketa begetatiboa negatiboa da (‰ -1,86 2018an),[19] baina etorkin asko hartzen du (1,5 immigrante 1.000 biztanleko 2020an).[14] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 12,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 9,8, 25-54 urte bitartekoak % 38,6, 55-64 urte bitartekoak % 15,7 eta 65 urtetik gorakoak % 22,9. Bizi itxaropena 81,1 urtekoa da, 78,7 urtekoa gizonezkoena eta 83,6 urtekoa emakumezkoena (2020ko zenbatespenak).[14]
Biztanleen % 27,7 katolikoak dira, eta batez ere Renanian eta Bavieran bizi dira, % 25,5protestanteak dira,luteranoak gehienbat, eta iparraldean daude bilduta. Musulmanak % 5,1 dira,kristau ortodoxoak % 1,9, eta erlijiorik gabeak % 37,8.[14]
Alemaniakoa munduko laugarren ekonomia dabarne produktu gordinari dagokionez, eta bosgarrenaerosahalmenaren parekotasuna kontuan harturik.[14]Merkatu sistema kapitalista du, bainaongizatearen sistemak orekatua, estatuak gizarte laguntza handiak ematen baititu.Ustelkeria maila txikia dauka,[23] eta berrikuntza maila handia.[24]Per capita errentaEB-27ko batez bestekoaren % 121 zen 2019an.[25] Nekazaritzak BPGaren % 0,7 sortzen du, industriak % 30,7, eta zerbitzuek % 68,6 (2017ko zenbatespena).[14] Herrialdeak ahalegin handiak egin ditu Europan ekonomia eta politika batasuna hedatzeko, eta bere ekonomia eta merkataritza politiketan gero eta eragin handiagoa dute Europar Batasuneko kideen arteko hitzarmenek.
Esportazioa da bertako ekonomiaren funtsezko elementua; esate baterako, 2019ko lehen erdian EBren esportazio guztien % 24 egin zituen.[26] Ibilgailuak, makineria, gai kimikoak, tresna elektronikoak, ekipamendu elektrikoa, botikak, garraio ekipamendua, oinarrizko metalak, elikagaiak, eta kautxua eta plastikoak dira esportazio gai nagusiak.[27] Munduko 500 enpresa handienetako 29k Alemanian dute egoitza;Mercedes-Benz,BMW,Volkswagen,Audi,Siemens,Allianz,Adidas,Porsche,Bosch etaDeutsche Telekom dira herrialdeko marka ezagun batzuk.[28]
1991ean, Elkartasun Zerga jarri zen indarrean,Alemaniaren bateratzearen gastuak pagatzeko. 1999ko urtarrilaren 1ean, Alemaniak eta Europar Batasuneko beste 10 estatuk,Europako Diru Batasuna jarri zuten abian, truke balioak behin betiko finkatzeko, etaEuropako Banku Zentral berriari aginpidea eman zioten eskualde horretako diru politikaren gainean. Europar diru berria,euroa,2002an bereganatu zuten alemanek. 2005etik aurrera, aurrekontuetako diziplina zorrotza ezarri zutenAngela Merkelen gobernuek, kontu publikoei oreka emateko. 2012an lortu zuten lehen aldiz kontuak orekatzea, eta 2012tik 2018ra bitarteko superabitak zorra kitatzeko baliatu zituzten; superabitaren diruari eta hazkunde ekonomiko sendoari esker, hogei puntu txikitu zen zorra epe horretan, % 80,7tik % 60,9ra.[26]
1930eko hamarkadan,Hirugarren Reicha munduko lehenbizikoautobide-sarea egiten hasi zen,[29] eta 11.980 kilometro autobide (autobahn) dauzka gaur egun. Gainontzeko errepideek 40.000 kilometroko sarea osatzen dute. Ondorioz, errepide dentsitaterik handiena duen herrialdea da. Autobide guztiak doakoak dira ibilgailu pribatuentzat; baina,2005etik, kamioiek satelite bidez kontrolatzen den bidesaria ordaindu behar izaten dute (ordainketa kilometroen araberakoa da).
Alemaniak oso zientzilari handiak eman ditu. XVI. mendean,Johannes Keplerrek planeten mugimenduak deskribatu zituen. XIX. mendean,Theodor Schwann etaJakob SchleidenekTeoria zelularra formulatu zuten, eta inoizko matematikaririk handienetakoa izan denCarl Friedrich Gaussek bere legeak ezarri zituen. XX. mendeanNobel Sariak banatzen hasi ziren, eta lehenengo hamarkadetan alemaniarrek sari ugari eskuratu zituzten. Horiez gain, badaude zientzilari aipagarriak ere, hala nolaKontinenteen jitoa deskribatu zuenAlfred Wegener geologoa.
Alemaniako Kirol Federakundeak (DSB) ia 27 milioi kide ditu. Haren datuen arabera, biztanleriaren herenak kirola egiten du, herrialdean diren 127.000 instalazioetan. Azken urteotan, DSBk kirolparalinpikoentzako baliabideak gehitu egin ditu. Betidanik nabarmendu da Alemaniaren parte-hartzeaOlinpiar Jokoetan. Bitan antolatu zituen Udako Olinpiar Jokoak:1936an Berlinen eta1972an Munichen.
Tenisean,Steffi GrafekGrand Slameko 22 txapelketa irabazi zituen etaBoris Beckerrek sei. 1980ko hamarkada arrakastatsua izan zen alemaniarrentzat, garaipen indibidualez gain selekzioak hiru aldiz irabazi baitzuenDavis Kopa (1988, 1989 eta 1993) eta bitan emakumezkoenFed kopa (1987 eta 1992).
↑abcdefgSolsten, Eric. Geography.Germany: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1995, countrystudies.us (kontsulta data: 2020-8-30).